Irene Solà idazleak Gutun Zuria Zabalik programearen lehen zikloa zarratuko dau

Bizkaie! 2024-06-18 09:20   Kulturea

Topaketea gaur, bagilak 18, izango da, La lengua porvenir izenburupean.

Bilboko Azkuna Zentroan, arratsaldeko 18:30ean hasiko da Iván de la Nuezek aurkeztua. Alkarrizketea gaztelaniaz izango da, aldi berean euskerara itzulita. Sarrerak euro 2an (AZ txartela) eta 3 euroan (AZ txartel barik) dagoz salgai hemen.

Aurten, Letren Nazioarteko Jaialdia beste horizonte eta hizkuntza artistiko batzuetara zabaldu da, urtean zehar programetan jarraitzeko, izan be, Gutun Zuria Bilbao, urte osoan egongo da martxan Gutun Zuria Zabalik programearen bidez. Programa honek literaturearen inguruko alkarrizketak eta barriketaldiak eskaintzen ditu, zinemearen edo musikearen inguruko beste hizkuntza artistiko batzuen inguruan.

Apirilean hasi zan Oskar Alegria zinemagileagaz eta Maialen Lujanbio bertsolariaren eta Xabier Erkizia artistearen arteko barriketaldiagaz jarraitu eban. Azkenengo saioa Irene Solà idazleak egingo dau, Iván de la Nuez saiogile eta curatoreak aurkeztua.

Irene Solà

Idazle eta artista bisuala Kataluniako literatur panoraman proiekzino handieneko ahotsetako bat da. Bèstia poema-liburuaren egilea da (Premi de Poesia Amadeu Oller; Galerada, 2012), alemanera, gaztelaniara, ingelesera eta italierara itzulia. Horrezaz gan, gaztelaniara eta ingelesera itzulitako Els dics eleberria idatzi eban (Documenta 2017 saria; L’Altra, 2018) eta hogei bat hizkuntzatara itzulitako Canto jo i la muntanya balla be bai (Premi Llibres Anagrama 2019; Anagrama, 2019). Haren testuak eta lanak CCCBn (Bartzelona), Whitechapel Galleryn eta Jerwood Arts Centre-n (Londres) erakutsi eta irakurri dira, besteak beste.

Solàren azken lana, Et vaig donar ulls i vas mirada les tenebres (Anagrama, 2023), eleberri gaindiezina da, denporaz haragoko istorio eta personaia madarikatuez betea, argiaren eta iluntasunaren, bizitearen eta heriotzearen, ahanzturearen eta memoriaren, errealidadearen eta fabulazinoaren arteko dualtasuna eta lotura intrintsekoa esploretan dauena: erretaula barroko bateko eleberri duina, Kataluniako Narratibako Finlandiako Saria jasotakoa.

Gutun Zuria Zabalik topaketan, La lengua porvenir izenburupean, idazleak literaturan eta arte garaikidean egin dauen ibilbideaz eta, aniztasun horretaz, XXI. mendeko hizkuntza barririk ete dagoan gaia jorratuko dau.

Topaketearen ondoren, Irene Solàk liburuak sinatuko ditu Auditorioko foyerrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu