Martxan da Elhuyar Zientzia Azokea

Bizkaie! 2024-05-22 12:17   Kulturea

800 gazte batuko dira Arenalean.

Goizeko 11:00etan emon jako hasierea azokeari. Ekitaldian izan dira, ekimena laguntzen daben euskal zientzia eta teknologia sareko eragileegaz batera, babesleak, esaterako: Itxaso Erroteta Sagastagoya, Gazteria eta Kirol zinegotzia; Begoña Pedrosa Lobato, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuordea; Marie Heguy-Urain, Akitania Berria-EAE- Nafarroa euroeskualdeko teknikaria eta proiektu-deialdien kudeatzailea; Isabel Sarrionandia-Ibarra Fernandez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuko burua; Marta Camacho Tramblin, Teleco Rentako koordinatzailea; Eneko Elorriaga Astigarraga, Erabiko Barrikuntzako zuzendaria eta sortzaileetako bat; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Azokeak iraungo dauen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko ditue 12-18 urteko gazteek. Gaur, hilak 22, Batxilergoko 29 proiektu eta DBHko 21 egongo dira ikusgai; bihar, maiatzak 23, Batxilergoko 7 proiektu eta DBHko 47; barikuan, maiatzak 24, Batxilergoko 6 eta DBHko 46; eta, zapatuan, maiatzak 25, Batxilergoko 6 eta DBHko 37. Guztira, 800 gaztek hartuko dabe parte aurtengo azokean. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gan, Espainiako eta nazinoarteko azoketako saridunak izango dira, izan be, Vila-Real, Espinosa de los Monteros, Poiot, Coruña, Lliçà de Vall, Milan eta Porto herrietatik etorriko dira beste 11 talde.

Ikertzaileak be izango dira Arenalean, gazteen proiektuak ebaluatzen, eta, datu guztiak jasota, sari-banaketea zapatuan bertan egingo da, maiatzaren 25ean, 13:00etan. Azokean zehar saritutakoak batuko dira sari-banaketean, eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak be izango dira sariak banatzen, esaterako, Teleco Renta, Bizkaiko Foru Aldundia, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Elhuyar. Ondokoak dira irabazleek jasoko dituen sariak: ikasketa-bekak eta Espainiako eta nazinoarteko azoketarako bidaiak. Aurkezle-lanetan, Eleder magoa eta María Redondo Mugica aktorea ibiliko dira. Horrezaz gan, egunero, kolaboratzaile diran ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak zozkatuko dira.

Elhuyar Zientzia Azokean, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibersidadeek be parte hartzen dabe. Azpimarratzekoa da, ganera, urtero erakusten daben konpromisoa: ikasturte-hasierean, unibesidade eta zentro teknologikoetako 104 ikertzailek (horreen artean, 65 emakume) emon eben izena ikasleegaz lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko.

Argazkian: Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuordea (Eusko Jaurlaritza).


Elhuyar Zientzia Azokea

Elhuyar Zientzia Azokearen helburua da gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea, eta ez bakarrik Arenalean egiten dan azokean, baita urtean zehar be.

2013an lehen edizinoa egin ebenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko 3.000 gaztek aurkeztu ditue proiektuak Bilbon atontzen dan Elhuyar Zientzia Azokean. Guztira, 1.000 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko inguru aurkeztu dira.

Elhuyarrek atondutako Elhuyar Zientzia Azokea ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Akitania Barria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren, Teleco Rentaren eta Erabiren laguntzinoa jasotzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu