Emakumeen ahalegina erakusten dau 'Geu be bagara itsasoa' egitasmoak

Bizkaie! 2023-01-27 13:29   Kulturea

Bideoak plazaratzen hasi da Labayru Fundazinoa.

'Geu be bagara itsasoa', sare artean (argazkiak: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Itsasmuseum-en aurkeztu dau Labayru Fundazinoak Geu be bagara itsasoa egitasmo barria, honen helburua eta museoaren edukia bat datozalako bete-betean. Euskal kulturan, ekonomian eta bizimoduan itsasoak eragin sakona izan dau menderik mende, baina ia beti gizonezkoak izan dira protagonistak. Beraz, itsasoagaz lotutako emakumeek egiten daben lan isil eta ahaztua aldarrikatu dau Labayruk proiektuan.

Bideoak dira Geu be bagara itsasoa-ren oinarria. Labayruko kide Akaitze Kamiruaga kostaldeko herrietan ibili da itsasoko emakumeen lekukotzen bila, honeek grabau eta ikus-entzunezko formatuan zabaltzeko. Ganera, liburua be badakar egitasmoak.

Dozena bat bideo sareratu ditue oraingoz. Ikusi danak hemen.

Testigantza biziak izan dira libururako zein bideoetarako informazino-iturri nagusia, azaldu dabe Labayru Fundazinokoek. Eurei esker garatu ahal izan dogu itsasoko emakumeen lanaren garrantzia erakusten dauen ikerketea. Tradizinoz ontzietan emakume gitxi ibili izan diran arren, ez da ahaztu behar lehorrean egiten daben ekarpena ezinbestekoa dala: sareak konpondu, arraina saldu, biltegiak hornidu, fabriketan arraina landu, armadore beharrak egin...

Hain zuzen be, lan horreetan dabizan lekuko batzuk egon dira Itsasmuseum-eko ekitaldian. Danen izenean egin dau berba Guruzne Badiolak, eta eskerrak emon deutsez proiektuan dabizan beharginei, era honetako ikerlanak garrantzitsuak diralako. Ondarroan train-konpontzailea da Badiola.

Labayruko zuzendari Igone Etxebarria eta Geu be bagara itsasoa-ko arduradun Akaitze Kamiruagak be hartu dabe parte aurkezpenean. Eurakaz batera egon da Bingen Zupiria sailburua, Eusko Jaurlaritzeak lagundutako egitasmoa dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu