Eskulturea ardatz, erakusketa bi datoz bagilean Zornotzara

Bizkaie! 2022-06-02 10:06   Kulturea

San Migel kaleko lonjan eta Zelaieta Zentroan dagoz ikusgai.

Amorebieta-Etxanoko Udalak erakusketa bi antolatu ditu bagilean eta bietan euskal eskulturea da oinarria. San Migel kaleko 8. zenbakiko lonjan, dagoeneko zabalik dago Jose Javier Lacalle Laka zornotzarraren eskulturen eta marrazkien erakusketea. Zelaieta Zentroan Gaurko Euskal Eskultoreak izeneko bildumea ikusi ahal izango da, hilaren 7an hasita.

Amaigabeko bideak izena emon deutso Lakak bere obren moltsoari. Astelehenetik barikura bisitau leiteke San Migel kaleko erakusketea, arratsaldez (17:00-21:00). Hilea amaitu arte egongo da.

Zelaieta Zentroan, ostera, ehun euskal eskultore ingururen lanak batu ditue Azken Muga alkarteagaz batera antolatutako erakusketan. Helburua da zornotzarrei euskal eskulturea hurreratzea eta historian izan dauen garrantziaren barri emotea. Eskultureak beste ezerk baino hobeto irudikatu izan dau Euskal Herriaren esentzia, dinoe Azken Mugakoek.

Euskal sorkuntzan izan dauen pisua handia izan bada be, gaur egun euskal eskulturea egoera kritikoan dagoala azaldu dau Udalak, azken hamarkadako krisi ekonomikoa eta oraingo osasun krisia tarteko. Sektore osoak ziklo barri bati ekin deutso, gizarteko aldaketetara egokitzeko eta eskulturea zabaltzeko modu barriak bilatzeko. Era horretara jaio da, hain zuzen, Gaurko euskal eskultoreak erakusketa ibiltaria, orain Zornotzara helduko dana.

Euskal eskultureari buruz egin dan erakusketa zabalena eta anitzena dala dino Udalak. Izan be, gaur egungo euskal eskultore esanguratsu gehienen obrak batzen ditu, eta disziplina horrek euskal artearen barruan dauen lekua ezagutzeko aproposa da.

Zelaietako erakusketako edukiak modu sakonagoan ezagutu nahi dituenek bagilaren 16an izango dabe aukerea. Berbaldia eta mahai-ingurua egingo dira egun horretan, erakusketan obrak ipini dituen eskultore batzuk bertan dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu