'Bidea eta zauria', sei poeta garaikideren antologia
2021-06-08 11:05 KultureaBalea Zuria argitaletxeak plazaratu dau liburua.
1980tik aurrera jaiotako sei poeta, euskal literatureak emon dituan belaunaldi barrietako kideak, dira Balea Zuriak argitaratu dauen liburu barriaren ardatza. Idazle gazteak, danetariko ibilbideak dituenak, baina euren testuen bidez zeresana emon dabenak. Euren lanik onenen antologia bat egiteko nahikoa bai, behinik behin.
Bidea eta zauria liburuan Peru Magdalena, Jon Benito, Hasier Larretxea, Ione Gorostarzu, Iñigo Astiz eta Beatriz Chiviteren poemak topauko ditu, honenebestez, irakurleak. 2000 eta 2019. urteen artean idatzitakoak dira. EHUko irakasleak diran Jon Kortzar eta Paloma Rodríguez-Miñambres dira editoreak, eta liburuko testuak aukeratzeaz arduratu dira.
Editoreek azaldu dabenez, bertute nabarmen bi ditu antologia honek. Batetik, poeta gazteak eta gitxi aztertuak aukeratzeko bidea emon deutse. Bigarrenik, 2001etik euskal sistema literarioan poesiak egin dauen bidea aztertzeko modua izan dabe.
Izenburuko berba biek, Bidea eta zauria, idaztearen prozesua eta denporearen joanak eragindako samina dakarre gogora. Sei idazleen olerkiek gogora ekarten deuskue mundua ez dala beti orekatua. Bizi beharrak nekea emon dauelako, heriotzea presente dagoalako bidean.
Liburuaren epilogoa idatzi dau Felipe Juaristik, eta bertan dino gizatasunaren barrenetik idatzitako poesia dala. Idazleak kaza-txakurra behar dau izan, bere garaiko aztarnak eta lorratzak usnatu eta hareei segiduz galbidean ez jausteko.
Balea Zuria argitaletxeak azaldu dau Bidea eta zauria dagoeneko salgai dagoala dendetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!