Ttap aldizkari digitalak edizino barria estreinauko dau martiaren 20an
2020-03-13 11:51 KultureaLurraldekako edizinoak edizino bakar bihurtuko dira aurrerantzean.
Ttap astekari digitala edukiz eta formaz barriztauta argitaratuko da martiaren 20tik. Zero zenbakia kaleratu ebenetik 20 hilebetera, aldizkariaren lan-taldeak haren ibilbidearen inguruko gogoeta sakona egin eta hainbat aldaketa egin deutsoz aldizkariari, eten barik hobetzen jarraitzeko.
Edizino bakarra
Orain arte aldizkariak Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zituan hiru edizinoak bakarrean batuko ditu Ttap-ek aurrerantzean: Hasierako susmoa berretsi eta ikusi dogu Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erabiltzaileen jarreran badirala aldeak. Aldizkariaren konsumoan badagoz diferentziak lurralde batetik bestera. Baina ñabardura txikiak dira eta uste dogu ez dirala nahikoak hiru edizinoko eskemeari eusteko. Gainera irakurle askok behin baino gehiagotan eskatu deuskue edizinoak bateratzea eta aurrerantzean holan jardungo dogu: Ttap bakarra izango da Euskal Herri osoarentzat adierazo dau aldizkariaren zuzendariak, Monika Belastegik: Ttap-en hasieratik baimena emon deutsagu geure buruari formatu eta edukiagaz olgau eta esperimentetako eta tira, hau da esperimentu horreen ondorioetako bat: azkenean, formean be, dinamikoa eta bizia da Ttap, aldatzen eta eboluzionetan doana.
Edizino bateratuak atal eta kolaboratzaile barriak izan eta euskal lurralde guztietako gaiak landuko ditu. Monika Belastegik dinoanez, lurraldekako planteamendua gainditu eta euskal herritar guztientzako interesgarria dan produktua sortu nahi dogu, edizino ezbardinak behera kargetan ibili barik. Ttap-egaz kolaborauko daben lagunen artean dagoz: Izaro Andres, Anabel Arraiza, Aitzol Atutxa, Ion Celestino, Aingeru Epaltza, Angel Erro, June Fernandez, Ander Izagirre, Ane Labaka, Bea Sever, Arantza Urretabizkaia, Oier Zuñiga, Janire Azkueta, Jokin Ayerregaray, Naia Ibrain, Aitor Abaroa...
Diseinu barria
Diseinuan eta maketazinoan be aldaketa nabarmenak dakarz Ttap barriak; Belastegik azaldu dauenez, inbersino handia egin dogu aldizkariaren diseinua eta maketazinoa erabarritzen, garbiagoa eta erabilten errazagoa izan daiten. Ttap-en diseinuaren arduradunak, Iñaki Iturbek laburbatu ditu aldizkariak itxuran izango dituan aldaketa nagusienak: Diseinu barriak edukia modu erabilerrazean emoten dau. Giltzak dira ordena –elementu grafikoak logika bateratuz antolatuta dagoz– eta diseinuaren garbitasuna. Gainera, aurrerantzean, mobileko edukiak tabletakoen mailan egongo dira, ez dira murritzagoak izango. Eta aldizkariaren izenari keinu eginez, bitxikeria bat dakar diseinuak: azalean agiri dan persona alkarrizketatuak irakurlea agurtu ondoren, aldizkariaren izenak dinoan moduan, ttap egingo dau pantailaren beste aldetik, eta orduan agertuko da pantailan aldizkariaren azala.
Gorabeherak saila
Barrikuntza eta esperimentazinoagaz jarraituz, martiaren 20ko edizino barriak aldizkarirako propio sortutako eduki barri bat estreinauko dau: Gorabeherak’ ikus-entzunezko sail bat da umorezko kapitulu laburrez osotua, Ttapek hamabostean behin eskainiko dituana.
Belastegiren berbetan: Gorabeherak-en planteamendua oso sinplea da: igongailu bat izango dogu, hildakoak zerura ala infernura eroaten dituana. Igongailu horren arduraduna Ramon da, igongailuzaina, eta berak egoera xelebreak biziko ditu gora ala behera eroan behar dituan eta danok ezagutzen ditugun personaiakaz; horreen artean danetarik izango dogu, gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak be ez dira faltako.
Ttapen lantaldea ilusionauta dago Gorabeherak proiektuagaz: Mimo handiz gabiz eta uste dogu emoitzea dibertigarria eta oso txukuna dala. Gogo handia dogu publikoari erakutsi eta eretxiak jasoteko, guri behintzat ederra iruditu jaku eta. Belastegik eskerrak emon deutsoz proiektua posible egin dabenei: alde batetik, Tabakalerako 2deo Laborategiari eta Bertako Igogailuak enpreseari, egitasmoan sinistu eta babes ekonomikoa emoteagaitik: Babes eske joan ginanean, idea polit bat besterik ez geunkan eta uste dogu eskertu eta autortzeko modukoa dala gugan konfiantza osoa jarri eta idea hutsa zana diruz laguntzeko apustua egin izana. Gorabeherak kajoi batean gordetako idea polita litzateke 2deo eta Bertakoren babes barik.
Bestalde, sorkuntza lana be goraipatu dau Belastegik: lujoa izan da Kepa Errasti eta Nerea Arriolaren erabateko inplikazinoa. Kepak berehala heldu eutson zirriborratua geunkan ideari eta hartu dauen forma zehatza emoten erabagigarria izan zan haren ekarpena. Atalen gidoiak eta zuzendaritza lana be harenak dira, eta gure ustez behintzat, emotzea bikaina da. Nereak be sekulako lana egin dau, atal bakotxean maila fisikoan be guztiz ezbardina dan personaia antzeztuz, eta karakterizazino prozesu luze eta astunak keja barik eginez. Emoitzea, gure ustez behintzat, bikaina eta oso dibertigarria da eta espero dogu publikoaren oso gustukoa izatea.
Oinarriakazko fideltasuna
Martiaren 20an kaleratuko dau Ttapek edizino barria. Itxuran eta edukietan aldaketak egin arren, oinarrizko erispideak betikoak izango dira: dobako aldizkari digitala; konsumo arin eta urbanoa; irakurri ez eze, ikusi, ukutu eta entzun egin daitekeena; euskera hutsean; hainbat komunikabideren artean alkarlanean produzidutakoa.
Ttap aldizkari digitala 2018ko garagarrilean jaio zan, Anboto, Baleike, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariagaz alkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, barikuetan eta doban eskuratu daiteke Android zein iOS gailuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!