Martxan da 35. Urruzunotarrak Gehituz lehiaketea

Bizkaie! 2020-01-20 12:36   Kulturea

Gazteen artean literatura sormena bultzatzea da helburua.

Aurreko edizino bateko irabazleak | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, urtero legez, Urruzunotarrak Gehituz lehiaketea antolatu dau, DBHko, Batxilergoko eta Hezkuntza Zikloetako gazteei zuzenduta. Dagoeneko 35. edizinoa dau, euskerazko idazle gazteen artean erreferente bihurtu da ekimena, izan be, gerora ibilbide literario oparoa egin daben idazle batzuek gaztetan hartu eben parte Urruzunotarrak Gehituzen.

Edizino honetara lanak aurkezteko epea zezeilaren 28an amaituko da. Trebetasun literarioak lantzeko aukera parebakoa da gazteentzat, edo gogoetea egiteko. Hain zuzen be, belaunaldi gazteenen artean euskerazko sormena bultzatzea eta literaturarako zaletasuna zabaltzea dira helburuak.

Prosan zein poesian aurkeztu leitekez lan literarioak, euskeraz. Gaia librea da. Parte-hartzaileak maila bitan banatuko ditue, kursoaren arabera. B kategorian egongo dira DBHko 3. eta 4. mailakoak; A mailan, Batxilergoko eta Heziketa Zikloetakoak.

Epaimahaiak hogei lanik onenak aukeratuko ditu, kategoria bakotxeko hamar. Hainbat erespide hartuko ditue kontuan testuak epaitzeko: Sormena eta irudimena; ezaugarri literarioak; arintasuna eta loturea; hizkuntzearen zuzentasuna eta aberastasuna.

Lan sarituak idatzi dituen gazteek bost eguneko egonaldi literarioan hartuko dabe parte. Jarduera ugari egingo ditue bertan, idazle batzuek lagunduta. Esate baterako, igazko irabazleek Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean egindako egonaldian, Yolanda Arrieta, Fernando Morillo, Jon Martin eta Itxaro Borda egon ziran gazteei aholkuak emoten.

Informazino gehiago eta oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu