'Wanted' programeak hamargarren urteurrena ospatuko dau

Bizkaie! 2020-01-20 09:11   Kulturea

Urtarrilaren 25ean, Muxikebarrin, azken 10 edizinoetako parte-hartzaile eta irabazleakaz.

Datorren zapatuan, urtarrilaren 25ean, 18:00etatik aurrera, Muxikebarriko Arrigunaga aretoan gazteek bultzatutako proiektuei laguntzeko Wanted programearen hamargarren urteurrena ospatuko da. Edizino bakotxeko irabazleek prozesuan zehar izandako esperientzia kontauko dabe, baita gaur egun zein egoeratan dagozan be. Gainera, bertaratzen diran persona guztien artean networking giroa sortuko dabe, euren esperientziak konpartidu deiezan. Eguna amaitzeko, jantza bertikala, DJ Koala eta Sound System izango dira protagonista.

Gonzalo Ayo Gazteria zinegotziak adierazo dauenez, Wanted 2009an sortu zan Gazteriaren arloko tokiko politikearen esparruan, Getxoko gazteen ekimenak sustatzeko programa legez. Programearen helburu nagusia izan zan eta izaten jarraitzen dau, gazteei laguntzinoa emotea, denporaldi batez buruan izan dituen baina, beharrezko baliabideak ez izateagaitik, sekula hasi bako proiektuak abian jarteko eta gaineratu dau gure ustez, Wanted komunidadeari formea emoteko momentua heldu da, gure herria aberasten daben profesionalen eta gazteen sarea.

Iñigo Urkitza Ekonomia Sustapeneko zinegotziak honako hau nabarmendu dau: Hori guztia kontuan hartuta, erraza izan da Udaleko arlo bi, Gazteria eta Ekonomia Sustapena, bat etortea Wantedek bere potentziala handituko ebala esatean, baldin eta ahalmen hori arlo bietatik bultzatuko balitz. Are gehiago, krisi ekonomikoan sakontzean, Wanteden aurkeztutako proiektuen kopurua gero eta handiagoa dala ikusi da, zuzenean sustatzaileentzat konponbide profesionala izateko. Hori dala eta, 2013tik aurrera, arlo bi horreek batera finantzetan eta aberasten dagoz gazte-politikak eta enplegu-politikak, euren ikuspegi osogarriak alkartuz.

Itxaso Frau Terradillos Wantedek saritutako emakume ekintzaileetako batek esan dau Wantedek nire proiektuei formea emateko aukera emon eustan eta horren erakusgarri da Ana Angulo nire lankideagaz batera Katz estudio etxea sortu izana; hor gure jarduera profesionala jorratzen gabiz eta horrezaz gan, ardura personalagoei be erantzun ahal izan deutset, berbarako, Getxoexpress lehiaketeari, 2019an laugarren edizinoa egin ebalako. Honako hau gehitu dau: Hain zuzen be, Wanteden laguntzinoagaz sortutako Katz Estudioa hilaren 25eko ekitaldiaren idazkaritza tekniko legez kontratatua izan da, beraz, zeozelan zirkulua zarratzen da.


Wanted

Getxoko Udalak 2009an abian jarritako programea da, finantziazinoa, aholkularitza teknikoa, orientazinoa eta bestelako batzuen falteagaitik errealidade bihurtzeko zailtasunak dituen gazteek landutako proiektuak abian jarten laguntzeko.

Udalak, Gazteria alorretik, Sustapen Ekonomikoagaz lankidetzan, 18 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazte getxotarren proiektuak ditu ardatz, udalerriko bizitza soziala, ekonomikoa eta/edo kulturala aberasten laguntzeko. Enpresea sortzeko proiektuak, profesionalizazino-proiektuak, antzerki-lanak sortzea, performanceak, film laburrak egitea, erakusketak, lehiaketak antolatzea, udalerriarentzat interes orokorrekoak diran webguneak, blogak eta bestelakoak egitea, hezkuntza-aisialdiko jarduerak, ikastaroak edo tailerrak, gizarte-intereseko gaiei buruzko sensibilizazino-proiektuak, euskerearen erabilerea sustatzeko proiektuak edo dibulgazino-proiektuak, gai interesgarriei buruzko berbaldiak zein bestelakoak.

Wanted programeak laguntzinoa emoten deutse aukeratutako proiektuei, martxan jarri daitezan; horreen artean 10.000€ arteko finantziazinoa dago, eta aukerea emoten dau proiektuak kontratau, aholkularitza profesionaleko zerbitzuak, proiektuak eskatzen dituan gaiei buruzko prestakuntza espezifikoa zein laguntza-zerbitzua emon eta, azken batean, interesgarritzat joten diran baliabide eta zerbitzu guztiak kontratetako, proiektuek helburuak lortu deiezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu