Bizkaie! Durangoko Azokan izango da barikuan eta domekan
2019-12-05 09:08 KultureaGaur bertan zabaldu dabe Azokearen 54. edizinoa.
Gaur, barikua, hasiko da 54. Durangoko Azokea; domekara arte, ehundazak liburu eta disko erosteko, euskal kulturgintzearen nobedadeak ezagutzeko eta zuzeneko emonaldirik barritzaileenakaz gozetako plazea izango da.
Hilaren 6an eta 8an, Durangon izango da Bizkaie!, eta hango guztiaren barri emongo deutse irakurleei, webgunearen zein sare sozialen bidez: Facebook, Twitter eta Instagram. Idazle, musikari eta editoreen berbak jasoko doguz, eta argitalpen bitxienen bila ibiliko gara.
Durangora doazanentzat, Landako izango da erreferente nagusia, disko eta liburuak han saltzen diralako. Baina ez ahaztu 54. Azokea Landakotik harago be zabalduko dala: Inguruko eraikinetan, Plateruenan eta, aurten lehenengoz, Musika Eskolan. Zortzi gunetan banatu dabe eskaintzea: Areto Nagusia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara, Szenatokia, Azoka TB eta Plateruena. Landako Guneko ordutegia 10:30etik 20:00ak arte izango da
Ganera, Musika Eskolan, DA! PRO egitasmoa antolatuko da lehenengo aldiz, musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunea, hain zuzen. 17 musika taldek aurkezpenak egingo ditue musika-industriako kideen aurrean, 10:00etatik 13:00ak arte. Ekimen hau Musika Bulegoagaz alkarlanean egingo da.
Ikasleen Eguna da abenduaren 5a. Euskal Herriko hainbat ikastetxetako neska-mutilak ibiliko dira Azokea ezagutzen eta eurentzat atondutako jardueretan parte hartzen. Ondoren, 19:00etan, inaugurazino ekitaldi ofiziala egingo dabe Musika Eskolan, kulturgintzako eta erakundeetako arduradunak bertan dirala. Gauez, kontzertuak Plateruenan: ETS taldea izango da oholtzara igoten lehenengoa.
Hurrengo egunetarako egitaraua eta jakingarri guztiak, DA54-ren webgunean.
Antolatzaileek dei egin deutsie bisitariei garraio publikoa erabili deien Durangon sartzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an. Autoa erabiltekotan, azokazaleek dobako autobus-zerbitzua izango dabe Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunagaz, goizeko 10:30etik 20:00ak arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!