Irakurketea erdigunera ekarteko deia egin dabe Euskadi Literatura Sarietan

Bizkaie! 2019-11-19 08:37   Kulturea

Aurtengo zazpi irabazleei omenaldia egin deutsie Donostiako Tabakaleran.

Sarituak eta erakundeetako ordezkariak (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala aste batzuk emon eban Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2019ko Euskadi Literatura Sarietako irabazleen barri. Baina sariak emoteko ekitaldi instituzionala bart egin dabe, Donostiako Tabakaleran, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Bingen Zupiria sailburua buru dirala.

Urkulluk kulturearen, literaturearen eta irakurketearen garrantzia azpimarratu dau, gizarte sortzaileagoa, jantziagoa eta libreagoa eregiteko bidean. Literaturea eta irakurketea erdigunean jarri nahi doguz, garrantzi handikoak baitira Euskadirentzat, zehaztu dau.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskal kulturgintzearen momentu bikaina aitatu dau: Euskal sorkuntzeak urrezko aldi bat bizi dauela entzun dot han eta hemen, sorkuntzearen mundua eta jarduna ezagutzen dabenek dinoe. Bat nator eretxi horregaz, neuk be uste dot euskal kulturearen Pizkunde barri baten aurrean gagozala.

Loraldi horri eusteko, sortzaileen lana ez eze, irakurleen inplikazinoa beharrezkoa dala uste dau Zupiriak. Hain zuzen be, Euskadi Sarien helburuetako bat hori da, liburuak ezagutuarazotea eta publikoak irakurri deizala bultzatzea. Orain irakurleen txandea da, ganeratu dau Iñigo Urkulluk.

Tabakaleran egindako ekitaldian, irabazleei jagoken oroigarria emoteaz gan, lan sarituen pasarte bana irakurri dabe jentaurrean. Zazpi irabazle, zazpi lan literario dira, bakotxa genero batekoa, batzuk gaztelaniaz, eta beste batzuk euskeraz. Euskal literaturea askotarikoa dala aldarrikatu dabe modu horretara.

2019ko Euskadi Literatura Sarietako irabazleak honeek izan dira:

- Literaturea euskeraz: Irati Elorrieta, Neguko argiak.

- Literaturea gaztelaniaz: Ramón Eder, Palmeras Solitarias.

- Saiakerea euskeraz: Juan Carlos Etxegoien Xamar, Etxera bidean.

- Saiakerea gaztelaniaz: Daniel Innerarity, Política para perplejos.

- Ume eta Gazte Literaturea euskeraz: Patxi Zubizarreta, Korri, Kuru, korri!.

- Lan literarioaren ilustrazinoa: Asisko Urmeneta, AztiHitza: Xahoren Biografikoa.

- Euskerazko itzulpen literarioa: Isabel Etxeberria, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak, Alice Munrorena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu