Mikropieza jaialdia egingo dabe Durangoko Szenatokian
2019-10-14 15:19 KultureaGanera, Kukai jantza taldeak Erritu ikuskizuna aurkeztuko dau gune horretan.
54. Durangoko Azokako nobedadeak iragarten hasi dira antolatzaileak. Oraingo honetan, Szenatokia guneak dakar barritasun handienetako bat, lehenengo aldiz mikropieza jaialdia antolatuko dalako bertan, iraupen labur eta formatu txikiko antzezlan eta jantza-lanak erakusteko.
Ohiko moduan, Durangoko San Agustin Kulturgunean egingo ditue Szenatokia guneko jarduerak, Durangoko Azokearen eremu nagusia dan Landakotik aparte, baina ez oso urrun. Abenduaren 7an eta 8an, Azokako azken egun bietan egingo dabe mikropieza jaialdia, goiz eta arratsalde. Hamar konpainiak hartuko dabe parte, eta 30 ikuskizun izango dira guztira. Izan be, talde bakotxak birritan edo hirutan urtengo dau oholtzara, ikusleek eurentzako ordutegi egokienak aukeratu deiezen.
Ekimen bitxia eta sorpresaz betea izango da mikropiezen jaialdia, Durangoko Azokako arduradunek ohar baten bidez azaldu dabenez. Agertokiaz gan, San Agustin Kulturguneko beste leku alternatibo batzuetan be aurkeztu nahi ditue jantza eta antzerki pieza laburrak: bulegoetan, ganbaran, sarreran... Kasu guztietan, mikropiezak ikustea doban izango da.
Jaialdian egongo diran talde batzuk honeek izango dira: Gilkitxaro, Cia Paganini, Haatik, Abarka eta Goitibera. Antzerki arina edo jantza pieza laburrak aurkeztuko ditue.
Bestetik, Szenatokiak formatu handiko obrak be hartuko ditu. Kukairen Erritu ikuskizuna abenduaren 6an ikusi ahal izango da San Agustinen, 19:00etan. Jon Mayak gidatutako taldearen arabera, euren azken obra hau bizi-bidaia bat da, bizitzako etapak zeharkatzen dituan erritua, natureagaz eta komunidadeagaz loturik. Etapa horreek jaiotzetik kaoseraino doaz, bakardadearen basamortuan barrena, harik eta topaketara, maitasunera eta, azkenik, heriotzara ailegau arte. Sarrerak 10 euroan salduko ditue (San Agustineko bazkideentzat 7,50ean).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!