Mabi Revueltaren muntaiak, BilbaoArten
2019-09-25 10:35 KultureaUrriaren 18ra arte egongo da erakusketea.
Umetan sarri izaten eban ames bat da Mabi Revueltaren proiektu barriaren abiapuntua. 2018an BilbaoArten egindako egonaldian, ames horretako irudiak eta sensazinoak landu zituan artisteak, eta horren emoitzea da Sueños fotomontados izeneko erakusketea. Barikuan zabalduko dabe, eta urriaren 18ra arte egongo da ikusgai, BilbaoArte zentroko Urazurrutia aretoan. Arratsaldeko 17:30etik 20:30era egoten da zabalik aretoa, astegunetan.
Katalogoaren laguntzinoagaz, bisitariek Revueltaren mundu onirikoan zeharreko bidaia egingo dabe, collage, argazki-muntaia eta bideoen bidez. 31 pieza ditu erakusketeak, gehienbat collageak eta muntaiak. Umorea eta ikarea buztartzen dituen mezu eta irudi surrealistak dira.
Mabi Revueltak berak azaldu dauenez, erakusketearen oinarri dan amesean, gizakiek traba egiten deutsie tximeletei. Hegaldi arriskutsu baten, materia iluna zeharkatu eta desinformazinoaren hilerrian babestutako zientzialari bat topetan dot.
Nazinoartean ibilbide oparoa dauka Mabi Revuelta bilbotarrak: New Yorken, Beijingen, Tokion, Madrilen... ipini ditu erakusketak. Hemen inguruan be, besteak beste, Bilboko Guggenheimen eta Gasteizko Artiumen ikusi ahal izan da bere obrea. 2016an Gure Artea Saria emon eutsien. 2018an BilbaoArteko egoitza artistikoetan hartu eban parte, eta hor sortu eban Sueños fotomontados.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!