Udako Ikastaroetako ikasle-irakasleak Derion batuko dira

Bizkaie! 2019-06-11 11:17   Kulturea

Derioko Udako Ikastaroak 50 urte (1970-2019).

Aurten Labayru Fundazinoak 50 urte beteko ditu Udako Euskal Ikastaroak atontzen. 1970ean hasi zanetik hona, etenik barik, aldian aldiko egoereari egokituta, antolatu ditu euskera ikasteko udako ikastaroak. Hori ospatzeko, bagilaren 15ean ekitaldia eta bazkaria egingo dabe Derion han ibilitako ikasle-irakasleek.


Sorrerako testuingurua

Diktadurearen azken urteetara heldu orduan, 1970eko udan, egin zan Derioko Seminarioan lehenengo Udako Ikastaroa euskerea ikasteko. Orduan hondino seminaristak egozan bertan, eta, gero euren pastoral-lana herri euskaldunetan egitera joan beharko ebela-ta, euskeraz ondo trebatzea beharrezko ikusi eben orduko arduradunek. Buru ziran Ander Manterola, Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate, hirurak abadeak.

Lehenengo ikastaro hori barrura begira egin bazan be, atoan etorri zan eskaria beste arlo batzuetako jenteak parte hartu ahal izateko. Jentea oso euskalduna zan, baina eskolan erderaz baino ezin zan ikasi. Ordukoak dira lehenengo ikastolak sortzeko hasierako pausuak, kulturako alkarteak asko zabaldu ziran
(jantza-taldeak, abesbatzak...), Kili-Kili moduko mobimenduak... Geroago, 1977an, jarduera horri estatus formala emoteko sortu zan Labayru Fundazinoa, erakunde moduan eratzeko.


Ibilbidea

Urtetik urtera jente gehiago hurreratzen zan ikastarora, eta horrek ekarri eban antolakuntza eta azpiegitura arlo batzuk atondu beharra: ikasketak mailaka banatu, metodologia ezarri, materialak sortu, irakasleak trebatu, logistika kontuak... Ikastaroa trinkoa zan, aste bikoa, eta ikasle gehienek barnetegian egiten eben. Ez egoan orduan gaur besteko erraztasunik joan-etorriak egiteko. Horrek giro eta alkarbizitzako esperientzia zoragarriak eragin zituan bertaratutakoen artean.

Gaurko erakunde ofizialak eratu orduan, hango ikasketak homologau egin ziran beste erakunde batzuk emoten zituen tituluakaz, eta EGA sortu zanean, Labayruri autortu egin jakon azterketea egiteko ahalmena.

Udako Ikastaroak goia jo eban 80ko hamarkadaren erdialdean eta 800 ikasletik gora be izan ziran. Handik aurrera irakaskuntza ofizialdu zan ezkero, preminak asko aldatu dira eta lanak be bai, baina hondino be ikastaroa martxan dago.

Ikasle-irakasleen artean gizartean eragile izandako eta gaur egun diran asko dagoz: irakaskuntzan, hedabideetan, administrazinoan, herri-aginteetan...


Ospakizunak

Urtean zehar jarduera batzuk egingo dira urteurrena ospatzeko. Hasteko, bagilaren 15ean, eguerdian, ospakizuna eta bazkaria egingo dira ikastarokideak batzeko. Horretarako, deia egin jake bertan ibilitako guztiei. Ekitaldian Ikastaroaren hasierea eta ibilbidea gogoratu, eta hasierako urteetako irakasleak omenduko dira, gerora ibilitako guztien izenean. Lagunak eta aspaldiko ikaskideak batzeko eta alkar ikusteko eguna izatea da helburua. Horrek jarraipena izango dau udagoienean, urrian Bilbon ekitaldi formalagoa egingo da-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu