Ertibileko artisten lanak, Berreginen Museoan
2019-06-10 13:16 KultureaJaponian hiru hilabete egin ditue Maria Muriedasek, Maider Gonzalok eta Izaro Ieregik.
2018ko Ertibil programan hasi, Japoniatik pasau eta Bilboko Berreginen Museora heldu dira hiru artista bizkaitar gazteren gogoeta artistikoak. Bizkaiko Foru Aldundiak sortzaileei bultzadea emoteko antolatzen dauen Ertibil egitasmoko hiru irabazleak izan ziran Maria Muriedas, Maider Gonzalo eta Izaro Ieregi 2018an, eta orain KAO. Lora, Sandia ta Printzesa izeneko erakusketea dakarre San Frantzisko kaleko museora.
Maria Muriedasek Tokioko Youkobo Art Space gunean egin eban hiru hileko egonaldia. Maider Gonzalok eta Izaro Ieregik, ostera, Fukuokako Studio Kuran. Igazko bagiletik abuztura egon ziran Japonian, hango giro artistikoa ikusten eta euren ezagutza artistikoetan sakontzen. Han landutakoa batzen dau Berreginen Museoko erakusketeak.
Bizkaiko Euskera eta Kulturako jarduneko diputadua, Lorea Bilbao, egon da inaugurazinoan, hiru artistakaz batera. Ertibilen historia oparoaren barruan, Japoniako egonaldiak aurrerapausu nabarmena izan dirala uste dau Bilbaok: Ertibil-Bizkaia finkatutako ekimena da, 37 urte ditu, eta oraingoan aurrerapauso bat gehiago egin dogu, Bizkaiko talentua lurraldean sustatzeaz gan nazinoartean be ikusgarri eginaz. Artisten garapen profesionala eta kulturen arteko trukea dira egonaldien helburuak, foru diputaduaren arabera.
Erakusketea irailaren 1era arte egongo da Berreginen Museoan. Hiru zatitan banatu dabe, bakotxa artista bati lotua:
- Triple X, Maria Muriedas Diez (Mungia, 1994): Artisteak bere belaunaldiko personakaz topaketak egin ditu eta argazkigintzako poseakaz zerikusia daben jokaerak aztertu. Modu horretan performance egoera bat sortzen da, eta hortik partitura bat zabaltzen da. Prozesuaren praktikea eregiten doazan alderdiak dira zuzentzea, men egitea edo zoria.
- Dragoi formako makila hartu duen gizona, Maider Gonzalo Salceda (Erandio, 1994): Itoshima eta Fukuoka inguruetan ateratako argazkiak eta bideo proiekzinoa. Egonaldian, artisteak argazki batzuk inprimidu eta estudioko horma batean jarri zituan, konposizino baten. Prozesu horren ondorioz, argazkiak eta espazioa lotzen hasi zan.
- Txandal, Japan night album eta Miyako, Itsaso Ieregi Gonzalez (Getxo, 1989): Bideo-instalakuntzak dira lehenengo proiektu biak, eta bideo baten frame-etatik ateratako argazkien bilduma hirugarrena. Hainbat pantaila erabilten ditu artisteak, Japonian hartutako irudiak erakusteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!