Bizkaiko Eleiz Museoak iges-aretoa zabalduko dau
2019-05-17 09:12 KultureaErakusketa iraunkorra izango da jokoaren oinarria.
Moda-modan dagoz iges-gelak gaur egun, auzo eta herri askotan dago holakoren bat. Baina gehienetan astialdiko jarduera hutsa dira, eta, horregaitik, Bilboko Eleiz Museoak pauso bat urrunago joan nahi izan dau, ondo pasetea eta ondare historikoaren zabalkundea buztartuta. Atxuriko Abadia jokoan parte hartzen dabenek, modu dibertigarrian ezagutuko dabe museoko bilduma aberatsa.
Zapatuan, maiatzak 18, izango da Museoen Nazinoarteko Eguna, eta egun berezi hori aprobetxauko dabe iges-gelea inauguretako, Bizkaiko Eleizbarrutiak jakitera emon dauenez. Proposamen barritzailea da, duda barik, Euskal Herri guztian ez dagoalako beste iges-gelarik museo baten barruan. Hemendik kanpora, Teruelen dago hurrekoena, eta Herbehereetan eta Ipar Ameriketan be badagoz batzuk.
Dana dala, Eleiz Museoko iges-gelearen barritasuna hori baino gehiago da. Museoetan dagozan iges-gelak, normalean, museoaren beraren aparteko jarduera osogarria izaten dira. Bilboko kasuan, ostera, bilduma iraunkorra bera da jokoaren oinarria. Museoa bera bihurtu da iges-areto, zehaztu dau Eleizbarrutiak ohar baten.
Hortaz, jolasean parte hartzen dabenek museoko aretoetan ibili beharko dabe, eta artelan batzuek dakarren informazinoa eta datuak erabiliko ditue aurrera egiteko. Argia, musikea eta soinu efektuak nahastauta, joko ikusgarri eta dinamikoa sortu dabela dinoe Eleiz Museokoek.
Inaugurazinoa dala eta, maiatzaren 18 eta 19ko astegoienean prezioa erdira merketuko dabe Atxuriko Abadia iges-gelako arduradunek. Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!