Euskal futbolaren lehenengo pausua nazinoarteko onarpenaren bidean

Bizkaie! 2018-12-13 09:03   Kulturea

FIFA eta UEFAko eskubide osoko kide izateko eskatzea onartu dabe Durangon.

Euskal Futbol Federazinoan boto eskubidea daben klub eta erakundeetako ordezkariek batzar garrantzitsua egin eben atzo Durangon. Nazinoarteko federazinoetako eskubide osoko kide izateko prozesua hasi ala ez erabagitzea zan eguneko gaia. Hau da, erabateko ofizialtasunerako bidea hasi ala aspaldiko aldarrikapenari hegoak ebagi.

Boto-emoleen eretxia garbi geratu zan: 43 alde, abstentzino bat eta inor ez kontra. Hortaz, bidean aurrera egiteko lehenengo pausua egin eban Euskal Futbol Federazinoak. FIFAri eta UEFAri kide oso izateko eskaria egingo deutso federazinoak. Eusko Jaurlaritzeak babesa emongo deutso prozesuan. Atzoko batzarrean, Jon Redondo Kirol arloko arduraduna egon zan.

Bidea arantzatsua izango da, baina. FIFA eta UEFA nazinoarteko federazinoei eskaera ofiziala Espainiako Federazinoak egin behar deutso, Euskadikoaren izenean. Urtarrilean emongo deutso honen barri bertoko federazinoak Espainiakoari, eta aurreikuspenak bete ezkero, Madrildik ezezko biribila jasoko dau.

Ezezko horrek bide judiziala zabalduko leuke. Jaurlaritzeak laguntzino juridikoa emongo dauela ziurtatu dau. Prozesu luze eta konplikadua izango da. Ganera, gogoan izan behar da Euskal Futbol Federazinoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeak hartzen dituala. Hau da, Euskal Herri osoko federazinorik ez dago eta nazinoarteko eskubide osoko kide izateko eskaria hiru probintzia horreentzat baino ez da.

Luis Mari Elustondo federazinoko presidenteak mugarritzat jo eban bozketearen emoitzea. Euskal futbolaren borondatea horixe dala eta aurrera egingo dabela azaldu eban, baina presa barik. Espainiako Federazinoagaz tirabiran dabizan bitartean, lagunarteko partiduak jokatuko ditu euskal selekzinoak, orain arte legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu