Helena Goñi eta Nora Aurrekoetxea artistek lau asteko egonaldiaz gozauko dabe New Yorken

Bizkaie! 2018-07-18 08:42   Kulturea

Urrian gauzatuko dan progreamaren barruan, artista gazteek aukerea izango dabe euren ibilbide profesionalean aurrera egiteko.

Helena Goñi eta Nora Aurrekoetxea izango dira Solomon R. Guggenheim Museum-ek artista gazteentzat dauen egonaldi-programearen laugarren edizinoan parte hartzeko hautatutako artista hasibarriak. Urrian gauzatuko dan progreamaren barruan, artista gazte biek aukerea izango dabe euren ibilbide profesionalean aurrera egiteko, uriko arte-giroa sakonetik aztertzeko eta artista, komisario eta arte-erakundeak ezagutzeko, Solomon R. Guggenheim Museumeko profesionalen eskutik.

Ekimen hau artisten erantzun handiagaz egin da aurreko hiru edizinoetan, eta 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-egaz sinatutako kudeaketa akordioa barritzeko prozesuaren barruan sartzen da. Akordio horren arabera, erakunde biek euren arteko lankidetzan askotariko proiektuen bidez sakonduko dabe; egitasmo horreen artean nabarmentzen da, hain zuzen, artista hasibarrientzako programa hau, baita Museoak udagoienero New Yorkera joateko deitzen dauen beka-programea be, EAEko graduatuei zuzendua.


Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989)

Londres eta Bilbo artean bizi da eta uri bietan lan egiten dau; 2017tik eskulturako graduondokoa egiten dabil Londresko Royal College of Art-en. Azken zortzi urteetan hainbat arte-egitasmo garatu ditu, eta, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikoko Bekea eta BilbaoArteren Espazioa Bekea jaso ditu; azken laguntza horren emoitzea izan zan Katalepsis erakusketea. Horrezaz gan, Okela Sormen Lantegiaren kide sortzaileetako bat da; bertan, komisariotza eta kultur kudeaketako proiektuak egiten ditu bere kideakaz batera.


Helena Goñi (Bilbo, 1990)

Getxon eta Bilbon bizi eta bertan lan egiten dau. Arte Eder Gradua egin eban UPV/EHUn, eta argazkigintzako graduondokoa Londresen, Central Saint Martins, University of the Arts-en. 2015ean Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusizko Artearen Bekea jaso eban, eta Ertibil, BAFFEST eta GetxoArte sariak eskuratu ditu. 2017an, Bilboko Rekalde Aretoaren Barriek programearen barruan, Tell me how close we are to a riot erakusketea aurkeztu eban. Bere obrak Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren edo Bilboko Argazki Garaikideko Zentroaren bildumetan dagoz.

Bestalde, aitatzekoak dira aurreko edizinoetan hautatuak izan ziranak: Carla Tobar eta Alain Urrutia 2015ean, Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio 2016an, eta Gala Knörr eta Maite Pinto 2017an.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu