Final Four Vitoria-Gasteiz 2019 gero eta hurrago

Bizkaie! 2018-06-08 08:03   Kulturea

Europako saskibaoi ekitaldi nagusienak 50 miloe eurotik gorako eragin ekonomikoa eragingo dau.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak, Saski Baskoniagaz batera, egunotan sinatutako akordioaren bidez, Fernando Buesa Arenan izango da 2019ko Euroligearen Final Fourra. Europako saskibaoi ekitaldi nagusienak 50 miloe eurotik gorako eragin ekonomikoa eragingo dau, antolaketeak torneoaren azken ekitaldietan oinarriturik emondako datuek adierazoten dabenez.

Akordioa sinatzeagaz nabarmendu nahi izan da orain arte ekitaldi hori egin dan urietan izandako eragina, eta adierazo dau kirol txapelketea baino askoz gehiago dala eta, haregaz batera, ehunka jarduera egingo dirala, uria, lurraldea eta Euskadi saskibaloiaren benetako topagune bihurtzeko.

Dana dala, kopuru ekonomikoakaz batera oihartzun mediatiko itzela ekarriko dau, urte osoan uria nazinoartean ikusgai egin ahal izateko. Horrezaz gan, 179 herrialdetan izango da telebista estaldurea Final Fourra jokatzen dan bitartean. Ez da ahaztu behar orain dala hiru aste kirol ekitaldi hori Belgradon egin zanean, 32 herrialdetako 619 kazetari egon zirala akreditauta. Ganera, sare sozialetan izandako oihartzunak berretsi zituan datu horreek; 2018an 3,4 bilioekoa izan zan Final Fourra dala-eta interakzinoek izan eben garrantzia, eta kopuru hori hazi egin leiteke datorren urtean, kontuan izanda 2016an 1,4 bilioekoa izan zala eta 2017an 2,6 bilioekoa.

Akordioa sinatzeko protagonista nagusi izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Ramiro González Arabako diputadu nagusia; Jordi Bertomeu Euroligako CEOgaz akordioa zarratu dauen, eta Josean Querejeta Saski Baskoniako burua be han izan da eurekaz batera.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak nabarmendu dau Arabako uriburuan inoiz egin dan kirol ekitaldirik handiena izango dala 2019ko Final Fourra: 'Ekitaldi hori gurean izatea eta saskibaloiaren uriburu bihurtzea erronka izugarria eta aukera ezin hobea izango da, baita ekonomiaren ikuspuntutik be'. Alkate gasteiztarrak nabarmendu dauenez, 'Gasteiz uri modernoa da, jantea zur eta lur ixteko gogoz dagoana, eta orain dogun egoera hau aprobetxetako gaitasuna dauena'. Hori dala-eta, 'Udalak gogor egingo dau lan, uriko sektore guztiak onuradun izan daitezan', ziurtatu dau Gorka Urtaranek.

Modu berean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu dau kirol ekitaldi horrek eragin positiboa izango dauela Euskadin: 'Beste uriburu batzuetan izandako kultur edo kirol ekitaldi batzuekaz pasau dan lez, Final Fourrek izango dauen eragin positiboa Gasteiz eta Arabatik harago helduko da. Lehen mailako kirol ekitaldia dogu, ondorioak euskal lurralde guztietan izango dituana'.

Esangura horretan, sailburuak azpimarratu dau Final Fourrak aukera barria dakarrela munduari Euskadiren irudi barria erakusteko: 'Azken urteotan lortu dogu gure mugetatik kanpo Euskadiren irudia herrialde moderno, aurreratu, bateratu eta kultureagaz eta kirolagaz lotzea. Eta lorpen hori geure burua erakusteko aukerea emon deuskuen apustuei esker izan da, 2019ko Final Fourra antolatzeko erronka hau bezela'.

Bestalde, Arabako diputadu nagusiak adierazo dauenez, 'lurraldeak aurre egin behar deutso orain arte egindako Final Fourrik onena egiteko erronkeari', eta hori egiteko, alkatearen ahotan, 'uri guztia kutsatzen saiatuko gara, hainbat eta hainbat jarduera antolatuz Gasteizko leku desbardinetan, eta mundu guztia horren partaide eginez. Baina erronka hori ez da hor geratuko, Arabak Final Fourra berea dala jakitea nahi dogu, lurraldea nazinoarteko ekitaldi honetaz kutsatzea', gehitu dau Ramiro Gonzálezek; 'Beraz, gure helburua arabarrak ekitaldi honen antolaketan sartzea da, Final Fourraren inguruan egiten diran jarduera osogarriak lurraldean be egitea eta gure herritar guztiei helarazotea'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu