Javier Mariscalen erakusketa solidarioa Bilbon

Bizkaie! 2018-06-07 11:47   Kulturea

Senegaleko proiektu baten oinarritutako 13 ilustrazinoak Yimby aretoan dagoz, hilaren 29ra arte.

Javier Mariscal eta Itxaso Elorduy, erakusketearen aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Foundawtion erakunde kataluniarra Senegaleko Thionck-Essyl herrian eregiten dabilen eskolearen barri artearen bidez heldu da Bilbora. Kale Nagusiko Yimby aretoan, Javier Mariscal sortzaileak egindako 13 ilustrazino esklusibo dagoz ikusgai, bagilaren 29ra arte. Aretoa astelehenetik barikura 19:00ak arte egoten da zabalik eta doban sartu leiteke.

Javier Mariscal Senegaleko proiektuagaz maitemindu zan haren barri izan ebanean. Fowndawtion-egaz bidaiea egin eban eta hango errealidadea erakusten daben 13 ilustrazinoak marraztu zituan.

Proiektua gizarteratzea eta babesa bilatzea dira erakusketearen helburuak. Izan be, Foundawtion erakundeak azaldu dauenez, Thionk-Essyl-eko 500 ume ingururentzako hezkuntza-baliabideak topetea preminazkoa da. Bigarren Hezkuntzako eskoleak 23 ikasgela izango ditu.

Ganera, egitasmo horren barruan, Itxaso Elorduy kazetari bilbotarrak Kassoumaye, El libro de África liburua idatzi dau, kasu horretan be Afrikako egunerokoa erakusteko asmoz. Senegalera egindako bidaiearen kontakizuna da, bidaia-koaderno formatuan idatzia. Hango bizipen ugari kontetan dituan arren, eskolearen eraikuntzea da ardatza. 128 orriko liburu horretan, testuak ez eze, koloretako 200 bat argazki datoz.

Elorduyren liburua eta Mariscalen ilustrazinoak salgai dagoz Foundawtion webgunearen bidez. Batutako dirua Thionk-Essyl-eko eskolearen proiektuaren finantziazinoan laguntzeko izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu