Deiadar mendiak eta batzar etxeak lotuko ditu lasterketa batek
2018-06-07 08:20 KultureaGernikan hasiko da Deiadar Xtreme, irailaren 14an.
Bizkaiko paisaia naturala eta ondare historikoa batuko ditu Deiadar Xtrem mendiko lasterketa barriak. Baina, adi, edonork egiteko modukoa ez da eta: 200 kilometroko bidea eta 11.000 metroko desnibel positiboa bete beharko dabe korrikalariek, gehienez be 56 orduan.
Irailaren 14an hasiko da lasterketea. Abiapuntua Gernikan egongo da eta, Bizkaia alderik alde zeharkatu eta gero, Gernikan bertan amaituko dabe parte-hartzaileek. 200 kilometroko tarte horretan, Bizkaiko bost deiadar mendietara igongo dabe. Antxina Batzar Nagusietara deitzeko erabilten ziran horreek bost tontorrak: Sollube, Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia eta Oiz (hurrenkera horretan pasauko ditue Deiadar Xtrem-en).
Ganera, mendiak ez eze, herriak be zeharkatuko ditu lasterketeak. Bizkaiko hiru batzar etxeen aurretik pasauko dira korrikalariak, hau da, Gernika, Abellaneda eta Gerediagakotik. Danetara, Bizkaiko 32 udalerritatik ibiliko dira. Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik azaldu dauenez, kulturea, historia eta tradizinoa natureagaz buztartu nahi ditue. Otaduiren arabera, pozarren dagoz era horretako ekimen baten laguntzaile izateagaitik, eta hiru batzar etxeen ateak parez pare zabalduko deutsiez antolatzaile eta parte-hartzaileei.
Alderdi teknikoari jagokonez, antolatzaileek azaldu dabe Deiadar Xtrem lasterketan hainbat kontrolgune egongo dirala. Denpora jakin baten barruan pasau beharko dabe horreetako bakotxetik korrikalariek, bestela kontrolez kanpo geratuko dira. Helmugara heltzeko 56 ordu daukiez gehienez, baina antolatzaileek aurreikusi dabe onenak 30 ordu inguruan ibiliko dirala.
Lasterketan 200 lagunek parte hartzeko lekua dago, eta erdiak inguru erreserbauta dagoz dagoeneko. Distantzia luzeko mendi-lasterketetan eta ultra trailetan ibilten diranentzat hitzordu erakargarria da honako hau, Europako luzeenetan hirugarrena dan ezkero.
Deiadar Xtrem lasterketako ibilbide zehatza eta datu teknikoak, hemen.
Ibilbidearen gogortasuna ondo prestautako korrikalarientzat baino ez danez egokia, bestelako ibilaldi eta jarduera batzuk antolatu ditue irailaren 14ko asteburu horretarako. Batetik, 105 eta 45 kilometroko beste ibilbide bi egongo dira, eta deiadar mendietara igoteko txango lasaiagoak be bai. Bost tontorretan jai giroa sortzea da antolatzaileen asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!