Bioaniztasunaren Eguna ospatuko dau Ekoetxea Urdaibaik

Bizkaie! 2018-05-24 10:57   Kulturea

Asteburu honetan, besteak beste, ibilbide gidatuak, itsasontzi-urteerak eta tailerrak izango dira.

Busturiako Madariaga Torretxean dagoan Ekoetxea Urdaibaik Aniztasun Biologikoaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau asteburu honetan, hilaren 26an eta 27an. Nazino Batuetako Biltzar Nagusiak maiatzaren 22a aukeratu eban populazinoa eta estaduak bioaniztasunaren ganeko gaiei buruz informau eta sentiberatzeko helburuagaz.

Planetako bizitzearen aniztasunaren aberastasunak gaur egungo biztanleriaren eta etorkizuneko belaunaldien ongizate eta oparotasunerako funtzezkoa dala dinoe Ekoetxea Urdaibaiko arduradunek. Horregaitik, orain dala 25 urte munduko nazinoek Aniztasun Biologikoaren ganeko Hitzarmena sinatu eben hiru helburugaz: mundu mailako bioaniztasuna jagotea, honen erabilera jasangarria eta bertatik jasotako onurak zuzen banatzea. Asmo horreek lortzeak garapen jasangarriaren helmugara heltzeko ezinbestekoak dirala azaldu dabe.

Holan, Ekoetxea Urdaibaik edade guztiei zuzendutako ekintzak atondu ditu, horreen artean dagoz: Ibilbide gidatuak, itsasoko faunea ezagutzeko aukerea, Urdaibaiko biosferatik bisita gidatua, ipuin kontalaria eta kontzientziazino tailerra, Gautxoria ezagutuz berbaldi tailerra, erakusketea eta interakzinoa, tximeleten ibilbide gidatua, Kinderpark skate-a eta Urdaibai estuarioko ingurune naturala eta bere bioaniztasuna ezagutzeko itsasontzi-urteerea.

Ekintzetan parte hartzeko beharrezkoa da izena emotea 946 870 402 telefonora deituta edota info.urdaibai@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu