Hamabi argazkilariren lanak III. Baffest jaialdian

Bizkaie! 2018-05-23 13:46   Kulturea

Bagilaren 17ra arte, jarduera ugari hartuko ditu Barakaldok.

Ura Iturralderi saria emon deutsie inaugurazino ekitaldian (argazkia: Baffest) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barakaldoko argazkilaritza jaialdia, Baffest, hirugarren edizinora heldu da, hasierako ezaugarri nagusiari eutsita: Sortzaile guztiak emakumeak dira. Inaugurazino ekitaldian, Barakaldoko Udaleko ordezkariak eta artearen munduko eragileak egon dira eta modu ofizialean ekin deutsie egitarauari.

Jarduera ugari dakarz III. Baffest-ek, baina, aurreko urteetan legez, sail ofizialeko argazkilarien erakusketak dira ardatz nagusia. Sei argazkilari aukeratu ditue: Cristina de Middel (Espainiako Argazkigintza Sari Nazionala irabazitakoa), Bego Antón (PhotoEspaña saria), Elisa G. Miralles, Mar Sáez, Sara Merec eta Teresa del Romero.

Sei artista horreen argazkiak, tamainu handiko paneletan, Barakaldon zeharreko ibilbide baten integrau ditue, zaleak, uriko txokoak ezagutu ahala, irudiak ikusten joan daitezan. Sei gune urbanotan eta naturan dagoan beste baten dagoz argazkiak.

Ganera, argazkilari barrientzako sailean beste sei artista aukeratu ditue, aurretik egindako lehiaketa baten bidez. Honeek danak Euskal Herrikoak dira edo berton lan egiten dabe. Lehiaketako irabazle nagusia Ura Iturralde izan da, epaimahaiak aho batez holan erabagita. Iturralderen eta beste bost finalisten (Jennifer Custodio, María Sánchez, Sara Berasaluze, Helena Cancelo eta Arantza Elejabeitia) lanak Foruen pasealekuan ipini ditue.

Baffest herritar guztiei hurreratzeko asmoz, bestetik, jarduera osogarrien programa zabala martxan jarri dau Barakaldoko Udalak. Lehenengo ekintzea domekan, hilak 27, egingo dabe, Roberto Villalón komisarioak gidatutako bisitaldia.

Hiru tailer, masterclass bat eta argazki-akelarrea be izango dira. Ume eta gaztetxuentzat, barriz, Txikifoto egingo dabe, bagilaren 10ean, Pormetxeta plazan. Baffest biribiltzeko, hil horren 17an, Argazki Solidarioa ekitaldia egongo da Herriko Plazan. Hainbat artistak egindako formatu txikiko argazkiak salduta, alkartasunezko proiektuei laguntzeko dirua batuko dabe.

Jarduera osogarrietan parte hartzea doban da, baina antolatzaileek ohartarazo dabe kasu batzuetan aurretiaz izena emon behar dala, plaza mugatuak dagoz eta. Jarduera osogarrien egutegia eta argibideak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu