Philip Roth idazlea hil da
2018-05-23 09:58 KultureaXX. mendeko literatura amerikarreko autore handienetako bat izan zan.
New Jersey estaduan jaio zan Philip Roth 1933an. Ibilbide luze eta oparoa izan eban, batez be, XX. mendearen bigarren erdian. Danetara, 31 obra argitaratu zituan eta, horri esker, azken hamarkadetako Amerikako literaturearen narratzaile funtsezkoetako bat bihurtu zan.
Fikzinoa landu eban arren, Rothen biografiak eta gorabeherek leku handia izan eben bere obran, fikzinoaren eta errealidadearen mugak apurtzeraino. Jatorri judutarrekoa izanik, judu-amerikarren literaturako erakusle nagusitzat jo izan dabe, baina sarri adierazo eban etiketa horretatik iges egiteko gogoa.
Portnoy's Complaint izan zan Rothen lehenengo nobela arrakastatsua, 1969koa. Urte batzuk geroago idatzitako Trilogia Amerikarra dalakoagaz batera, mundu osoko irakurzaleentzat ezagun egin eban. Halandabe, lehenagotik be liburu bikainak idatzita egoan, berbarako, 1959an plazaratutako lehenengo nobeleak, Goodbye Columbus-ek, sari ugari irabazi zituan.
Ingurura ez eze, bere barrura begiratzeko jokerea be baeukan Rothek, alderdi psikologiko sakoneko liburuak dira bereak. Alter ego erako pertsonaiak be erabili zituan obra batzuetan, berbarako, Nathan Zuckerman. Bizimodu publikoari jagokonez be, behin baino gehiagotan urrundu zan fokuetatik eta 2012an idazteari itxi egin eutsan.
Euskeraz Philip Rothen liburu bi irakurri leitekez: Suminez (Nagore Tolosak euskeratua) eta Nemesis (Beñat Sarasolaren itzulpena). Biak Meettok argitaletxeak plazaratuak.
Sari ugari emon eutsiezan Rothi, haren ibilbide oparoari gorazarre egiteko asmoz: Amerikako Liburu Onenarena hainbat aldiz, Pulitzer, Franz Kafka, Letren Asturiasko Printzea eta beste batzuk. Literaturako Nobel Saria, baina, sekula ez eban irabazi, azken urteotan hautagaien zerrendan beti agertzen izan dan arren.
New Yorken hil da Roth, 85 urtegaz, antza danez, bihotzeko arazoakaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!