Euskal Herrian zabalduko dau Eusko Ikaskuntzak mendeurreneko kongresua

Bizkaie! 2018-05-22 13:16   Kulturea

Urriaren 5ean Baionan hasi eta zemendiaren 23an amaituko da, Oñatin.

Donostian aurkeztu dabe XVIII. kongresua (argazkia: Eusko Ikaskuntza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. kongresua berezia izango da, erakundearen mendeurrenagaz bat datorrelako (1918an sortu zan). Horregaitik, biltzar zabala atondu dabe, Euskal Herriko txoko guztietara heltzeko asmoz. Geroa elkar-ekin leloa aukeratu dabe.

Udagoienean, hilebete eta erdiko tartean egingo ditue kongresuko sei topaketak, beste horrenbeste lekutan: Baionan (urriaren 5ean), Gasteizen (19an), Iruñean (26an), Bilbon (zemendiaren 9an) eta Donostian (16an) batu eta gero, Eusko Ikaskuntza jaio zan lekuan, Oñatin, biribilduko dabe kongresua, zemendiaren 23an.

Sei topaketetako bakotxak gai bat jorratuko dau, beti mendeurrenaren bueltan: Gizartea, euskerea, kulturea, demokrazia... Euskal Herriak dituan kezka eta erronkei erantzuteko aukerak aztertzea izango da helburu nagusia, Eusko Ikaskuntzako ordezkariek azaldu dabenez. Horretarako, ahalik eta erakunde eta eragile gehien inpliketako asmoa agertu dau Iñaki Dorronsoro erakundeko lehendakariak.

Kongresua ez dabe huts-hutsetik antolatu, aurreko hileetan hasitako gogoetearen eta parte-hartze prozesuaren ondorioa da. Hainbat galderaren inguruan, 800 lagunek euren eretxia emon ostean egin dabe Liburu Berdea dalakoa, XVIII. kongresuagaz batera aurkeztutako argitalpena.

Ikuspegi ugaritako begiradak batzeko tresnea da Liburu Berdea, eta diagnostiko edo abiapuntutzat hartuko dabe. Kongresuko gogoeten bidez, ostera, ondorioak edo proposamenak ateratzea da asmoa. Horreekaz Liburu Zuria plazaratuko dabe.

Beste alde batetik, mendeurrena gogoratzeko ekitaldi batzuen barri be emon dau Eusko Ikaskuntzak. Batetik, bagilaren 2an, erakundeak izandako lehendakariak eta bazkideak omenduko ditue. Bestetik, Oñatiko Udala ohorezko bazkide izentauko dabe. Euskal Herriaren azken ehun urteotako historia batzen dauen liburua ateratzeko asmoa be badaukie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu