110 urte ospatzeko, beste horrenbeste artelan

Dabi Piedra 2018-05-08 13:17   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoak urteurreneko erakusketa barezia zabaldu dau, irailaren 17ra arte.

Miguel Zugaza, Xabier Sagredo (BBK), Juan Mari Aburto eta Gorka Martinez (BBK) | Ikusi handiago | Argazki originala

1908an sortu zanetik 110 urte bete diran ezkero, Bilboko Arte Eder Museoa jarduera berezi batzuk antolatzen dabil aurten. Horreetatik nabarmenena da zabaldu barri daben erakusketea, 110 urte, 110 artelan izenekoa. Museoaren bildumearen aberastasunaren ikuspegi orokorra emoten daben 110 obra batu ditue eta ikusgai egongo dira irailaren 17ra arte.

Erakusketa antologikoa dala dino Miguel Zugaza zuzendariak, autore, gai eta sasoi guztiak hartzeko asmoz atondu dabe eta. Obren edertasuna eta artearen historia azaltzeko daben balioa aintzat hartu ditue, museoaren bildumetan dagozan milaka lanen artean aukeratzea ez dalako erraza. Gure maisulanak aukeratu doguzala ez dogu esan nahi, aukeratu ez doguzanen artean be obra bikainak dagozalako, zehaztu dau Zugazak.

Halandabe, ezin da ukatu 110 obra horreek guztiek batera daben balioa: XIII. mendekoa da zaharrena eta estilo, eskola, herrialde eta autore ugaritatik pasauta heltzen da XX. mendearen amaierara. 1969an jaiotako Sergio Pregoren obra bat da barriena. Pinturea zein eskulturea dagoz. Ikuspegi ahalik eta zabalena emoten ahalegindu gara, geografiaren zein estiloaren aldetik, adierazo dau Zugazak.

Ganera, obrak erakusketan kokatzeko orduan hurrenkera kronologiko zorrotza segidu dabela zehaztu dau Zugazak, hau da, ez ditue artelanak gaika sailkatu. 110 obren ganeko informazino zehatzagoa emoteko, ganera, katalogo erako argitalpena atera dau museoak eta lau hizkuntzatan topau leiteke: euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Lucas Cranach Zaharra, Martin Vos, Greco, Zurbaran, Murillo, Gentileschi, Goya, Sorolla, Gauguin, Ignacio Zuloaga, Aurelio Arteta, Francis Bacon, Chillida, Miquel Barceló... artearen historian zeresana emon daben artisten lana ikusteko aukera aproposa da. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazo dauenez, erakusketa ikaragarria da.

Erakusketan batu dituen 110 obrak Arte Eder Museoak daukan ondarearen erakusgarri txiki bat baino ez dira. Miguel Zugazak jakitera emon dauenez, 1908an sortu zanetik hona museoak 14.000 artelan baino gehiago eskuratu ditu. Bilduma bikaina da, ikuspegi kuantitatibo zein kualitatibotik, Zugazaren arabera. Obra gehienak (10.000 inguru) dohaintza, harpidetza publiko eta antzekoei esker lortu dituela ganeratu dau zuzendariak.

110 urte beteta, atzera begiratzeko eta ondare horretaz disfrutetako momentua dala azpimarratu dau Juan Mari Aburtok, baina aurrera begiratzeari itxi barik. Mende pasautxuko bidean, Bilboko Arte Eder Museoak lorpen nagusi bi dituala dino alkateak: Batetik, arteagaz lotuta, bilduma bikaina osotu dauela, gure historiaren pasarteak artista handien ikuspegitik ezagutu geinkez; bigarrenik, museoaren eta gizartearen arteko loturea, aldaketa sasoi honeetan, ganera, lotura hori indartu egin da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu