Idazleak protagonista Liburuaren Egunean

Bizkaie! 2018-04-23 11:23   Kulturea

Bilboko Berastegi kalean azokea ipini dabe eta Barakaldon irakurketa maratoia egiten dabiz.

Liburuaren Nazinoarteko Eguna dala eta, literatureagaz lotutako ekimen ugari daukiez herritarrek aukeran, berbarako, Bilbon, urtero legez erakusmahaiak ipini ditue liburu-denda eta argitaletxeetako ordezkariek, Berastegi kaleko oinezkoen eremuan. Iluntzeko 21:00ak arte egongo da azokatxua zabalik.

Idazleak izango dira Berastegi kaleko ekitaldien erdigunea, izan be, azkenaldion libururen bat plazaratu daben hainbat autore erakusmahaietan izango dira, herritarrakaz berba egin eta aleak sinatzen. Antolatzaileen arabera, Toti Martinez de Lezea, Jon Arretxe, Ibon Martin, Alfonso del Rio, Félix Modroño, José Javier Abasolo, Inma Roiz, Hektor Ortega eta abar egongo dira.

Bestetik, Barakaldoko Hitza XV. Literatura Jardunaldietan egun berezia da gaurkoa, Liburuaren Nazinoarteko Eguna dan ezkero. Goizean goiz hasita irakurketa maratoia egiten dabiz; Barakaldoko Udalak bultzatu dau ekimena, herritarren artean irakurteko zaletasuna zabaltzeko asmoz.

Berez, hilaren 28ra arte, zapatura arte, egongo dira Hitza Jardunaldi Literarioak martxan Barakaldon. Holan, besteak beste, Literaturaren akordeak irakurraldi musikatua aurkeztuko dabe Uxue Alberdik eta Eñaut Elorrietak eguenean, hilaren 26an, Barakaldo antzokian. Ganera, zapatura arte ikusgai dago Ikuspuntuak... eta koma erakusketea Clara Campoamor zentroan.

Era berean, Liburuaren Egunagaz bat egingo dabe beste hainbat erakunde eta jaialdik: Bilboko Bidebarrieta Liburutegian idazketa jam dalakoa egingo dabe arratsaldean eta Gutun Zuria festibala be gaur hasiko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu