Naturea izango da XI. Gutun Zuriaren abiapuntua
2018-03-13 08:11 KultureaBilboko Letren Nazinoarteko Jaialdia apirilaren 23tik 29ra egingo dabe.
Naturara buelta, utopia literarioa? izenburupean egingo da Bilboko Azkuna Zentroan Gutun Zuriaren aurtengo edizinoa, Liburuaren Nazinoarteko Egunean, apirilaren 23an hasita. Literatura garaikidea barrutik aztertzea izango da asmoa beste behin, bertoko eta kanpoko autoreen bidez.
David Thoreau idazlearen 200. urteurrena gogoan (Walden eta Desobedientzia zibila liburuen egilea izan zan), Gutun Zuriak naturearen inguruko gogoetea egingo dau, personen eta naturearen arteko orekea eta natura basatiaren itzulerea paradisu galdu legez agertuta. Mahai ganean jarriko dau kapitalismoan eta pilatzean oinarritutako gaurko gizartearen kritikea. Horrezaz gan, gizaki garaikideari lagundu nahi deutso poztasunaren bilaketan.
Aurtengo edizinoan, izen handiko idazleak egongo dira Bilbon, besteak beste, Manuel Rivas, Stefano Mancuso, Eudald Carbonell, Maja Lunde, Lars Myting, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea, Ixiar Rozas, Maider López, Aingeru Epaltza, Juanra Madariaga, Terry Tempest Williams eta César Aira.
Natureak berez dituan lazturea eta edertasuna azaleratzen ditue idazleok, jaialdiaren antolatzaileen arabera. Horrek ez dau bat egiten gero eta handiagoa dan teknifikazino garaikideagaz. Idazleek naturara begiratzen dabe personak eta naturea gauza bera diralakoan.
Irakurlearen ordua izeneko hitzorduen bidez, publikoak idazleakaz berba egin ahal izango dau. Idazle horreen testuen irakurraldiak be egongo dira saioen aurretik. Bestetik, literaturearen eta beste sormen batzuen arteko loturea bultzatuko dabe, proiekzino, kontzertu eta bestelakoen bidez. Mediatekan Bidaia XIX. mendeko Euskal Herrian barrena erakusketea ipiniko dabe. Bilboko Udalak azaldu dauenez, helburua da Azkuna Zentroa, beste urte batez, sorkuntza artistikoen topaleku bihurtzea.
Gutun Zuriaren lehenengo egunak, apirilaren 23ak, Liburuaren Nazinoarteko Egunagaz bat egingo dau; hori dala eta, emonaldi berezia iragarri dabe: Ele! ikuskizuna, musikea, poesia eta koreografia batzen dituana. 1930eko hamarkadan goia jo eban poeten belaunaldia gogoan hartuko dabe hor: Federico García Lorca, Lauaxeta, Hernández, Cernuda... eta gerotxuago, Gabriel Aresti.
Aurtengo egitarauaren beste nobedade handi bat, Berezko Egoerak, Spoken Word Bilbao Nazinoarteko I. Erakusketea izango da; poesia garaikideari lotutako hitzordu hori apirilaren 27an egingo dabe, mundu guztiko idazleak tartean dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!