Narrazinoa, abestia, bertsolaritzea, musikea eta bideo proiekzinoa bat eginda, ‘Artxipielagoa’ ikuskizunean

Bizkaie! 2017-04-27 11:14   Kulturea

Bihar izango da estreinaldia Iruñeko Baluarten eta ondoren beste hamalau hitzordu lotu ditue jada Euskal Herri guztian.

'Artxipielagoa' ikuskizuneko artistak eta erakundeetako ordezkariak | Ikusi handiago | Argazki originala

Ainhoa Garmendia sopranoak, Andoni Egaña bertsolariak, Pello Ramirez txelo eta eskusoinu jotzaileak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, German Ormazabal piano jotzaileak eta Belen Ibarrola artisteak osotuten dabe Artxipielagoa ikuskizunaren zerrendea. Nork bere gaitasunak eta amesak batuz euskal kantutegia eta lagunartean euskeraz abesteko tradizinoa berreskuratzeko asmoagaz igongo dabe Baluarteko oholtzara.

Saioa narrazino, abesti, bertsolaritza, musika eta bideo-proiekzinoaren buztarketea da. Ikuskizun barritzaile eta desbardina izateko jaio dala dinoe antolatzaileek eta ikuslearen parte-hartzea ezinbestekoa dala azpimarratu dabe. Atzo eta gaurko euskal abesti klasiko eta modernoak tartekatuko dira emonkizunean.

Egañak esatari lanetan isla eta artxipielagoen inguruko gogoeta-hizketaldia, eta musikearen nahiz kulturearen inguruko beste hainbat hausnarketa be eskainiko ditu, Garmendia, Ormazabal, Mendizabal eta Ramirezen musikeagaz batera eta Ibarrola arte zuzendariaren irudi eta bideoen proiekzinoakaz. Ikutu klasikoa izango dau egitarauaren lehen atalak eta gure kultur-ondare klasikoko abestiak eta abesti herrikoiak eskainiko dira: Jose Maria Iparragirre, Felix Telleria, Gabriel de Olaizola, Jose Antonio de Donostia, Bruno Imaz, Jesus Guridi eta abarrenak. Bigarren atalean, aldiz, abesti barriagoak joko ditue: Oskorri, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Karlos Gimenez, Ken Zazpi, Itoiz... Xabier Otaolea arduratu da ordu eta erdi iraungo dauen emonaldiaren moldaketeaz.

Estreinaldia bariku honetan, apirilaren 28an, izango da Iruñeko Baluarten. Sarrerak salgai dagoz jada Baluarteren webgunean, txartel-leihatilan edo 902 15 00 25 telefonora deituta. Ikuskizunak hamalau hitzordu lotu ditu jada Euskal Herri guztian, Maiatzean Azkoitian eta Oñatin ikusi ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu