Galdakaoko Andra Mari jantza taldeak musika eskaintza zabalagaz ospatuko dau 60. urteurrena
2015-10-16 10:17 KultureaSei hamarkadako ibilbidea bete dau Andra Mari jantza taldeak eta musikeagaz ospatuko dau efemeridea. Urriaren 30 eta 31n, Musika Bizian jaialdia antolatuko dabe herrian eta, zemendian be, kontzertu ugari egongo dira, Benito Lertxundi tartean. Jantza jaialdia be ez da faltauko, zemendiaren 21ean. Kale-animazinoa eta jarduera edegiak be zenbatgura eratuko ditue, 60. urteurrena galdakoztar guztiek disfrutau daien.
Sei hamarkadako ibilbidea bete dau Andra Mari jantza taldeak eta musikeagaz ospatuko dau efemeridea. Urriaren 30 eta 31n, Musika Bizian jaialdia antolatuko dabe herrian eta, zemendian be, kontzertu ugari egongo dira, Benito Lertxundi tartean. Jantza jaialdia be ez da faltauko, zemendiaren 21ean. Kale-animazinoa eta jarduera edegiak be zenbatgura eratuko ditue, 60. urteurrena galdakoztar guztiek disfrutau daien.
Euskal kultureaganako maitasuna da Andra Mari jantza taldearen 60 urteotako ezaugarri nagusia, bertako arduradunek azpimarratu dabenez. Hartara, euskal musikeak leku handia eukiko dau ospakizunetan, baina kanpoko taldeak be ekarriko ditue. Urriaren 30 eta 31n, Galdakaoko Udalagaz alkarlanean, Musika Bizian, estadurik bako herrien jaialdia ospatuko dabe. 2014ko maiatzean antolatutako topaketearen bigarren ekitaldia izango da.
Musika Bizianen goi mailako artistak egongo dira, Iturriondo plazan. Urriaren 30ean, egitarauari ekiteko, Kepa Junkera eta Zazpi Sorginak egongo dira oholtzan, Galiziako Riobo taldeagaz batera. Zapatuan, Stetrice (Bretainia), Brian Finnegan Band (Irlanda) eta Gozategiren txandea izango da. Galdakaoko musika bandeak eta Betijai fanfarreak kale-animazinoa girotuko dabe 30 eta 31ko iluntzeetan.
Jaialdiagaz bat eginaz, urriaren 31ko eguerdian, musika tresna tradizionalen tailerra egongo da, ikuspuntu didaktiko batetik instrumentuon funtzionamendua erakusteko. Luthier azokea be egongo da. Musika Bizian jaialdiko ekintza guztiak, kontzertu zein bestelakoak, dobakoak dira.
1955eko zemendian ekin eutsan bere ibilbideari Andra Marik eta 60 urte zehatz geroago, aurtengo zemendian, kontzertu ziklo indartsua eratu dau. Hil horren 7an, Benito Lertxundik joko dau Galdakaoko Urreta kiroldegian. Zemendiaren 14an, Torrezabal kultur etxean, kantu tradizionalari eskainitako kontzertua egongo da: Erramun Martikorena, Mikel Markez, Jean Mixel Bedaxagar eta Aire Ahizpak entzuteko aukerea egongo da.
Zemendiaren 21ean, 'Atzoko, gaurko eta biharko Andra Mari' ikuskizun erraldoia aurkeztuko dabe Kurtzeko pilotalekuan. Taldean dabilzan edo ibili diran edade guztietako jantzariak egongo dira oholtzan. Hilaren 22an, hildako kide guztien aldeko mezea egingo dau jantza taldeak, bazkari herrikoiaren aurretik.
Galdakaoko Andra Mari jantza taldeak 450 bazkide eta 200 jantzari inguru ditu. Sei eta 73 urte bitarteko jantzariak dagoz euren taldean eta, beraz, etorkizun oparoa daukiela dirudi.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!