Arte eszenikoak Bilboko auzo guztietara helduko dira, Zirkuituaren 14. edizinoan
2015-09-30 11:10 KultureaUrriaren 1etik abenduaren 9ra, bertoko konpainia amateur eta erdi-profesionalek emonaldiak eskainiko ditue Bilboko zortzi barrutietan, kulturea eta arte eszenikoak auzotar guztiei hurreratzeko helburuagaz. Bilboko Zirkuituaren 14. edizino honek 13 emonaldi dakarz, lehenengoa eguenean San Frantziskon. Bilboko Udalak antolatzen dau programazinoa, Kultura Barrutik egitasmoaren barruan.
Urriaren 1etik abenduaren 9ra, bertoko konpainia amateur eta erdi-profesionalek emonaldiak eskainiko ditue Bilboko zortzi barrutietan, kulturea eta arte eszenikoak auzotar guztiei hurreratzeko helburuagaz. Bilboko Zirkuituaren 14. edizino honek 13 emonaldi dakarz, lehenengoa eguenean San Frantziskon. Bilboko Udalak antolatzen dau programazinoa, Kultura Barrutik egitasmoaren barruan.
Antzerkian eta jantzearen munduan dabilzan artista eta konpainiei euren lanak erakusteko aukerea emoten deutse Zirkuituak, batez be hasibarriak diranei. Antolatzaileek azaldu dabenez, Bilboko proposamen freskoenak eta barritzaileenak ezagutzeko aukera parebakoa da. Ganera, Bilboko barruti guztietara heltzen dira emonaldiak eta, hortaz, uri guztira zabaltzen da arte eszenikoen eskaintzea Zirkuituaren bidez. Otxarkoaga, Barrainkua, Altamira, Castaños, San Frantzisko, Basurtu, Errekalde eta Zurbaranbarriko udaltegietan izango dira emonaldiak oraingo honetan.
Lehenengo emonaldia eguenean, urriak 1, izango da San Frantzisko auzoko udaltegian. Chispun konpainiak Ausartien bidaia izeneko lana aurkeztuko dau, euskeraz. 20 minutuko pieza hori umorean oinarrituta dago. Melillako hesian kokatutako istorioa da.
Urriaren 2an, Trocadero Teatroren El amante emongo dabe Errekalden eta, urriaren 8an, Burbujas taldeak Punto Medio eroango dau Otxarkoagara. Hilaren 15ean, Chispun taldearen Ausartien bidaia emongo dabe barriro, kasu horretan Barrainkuan. 22an, ostera, Trocaderok errepetiduko dau ikuskizuna, Otxarkoagan.
Zemendian be egitarau betea eroango dau Zirkuituak auzoetara. 5ean Juana Lorrek Arquetipos de mujer aurkeztuko dau (Basurtu), 6an Macho Marisek Hipoycondrias (Castañosen). Hurrengo astean, Chispun Zurbaranbarrin egongo da, 12an, eta Juana Lor Barrainkuan, 13an. Compañia TC-ren Danza de sombras Errekaldera helduko da zemendiaren 18an; eta 26an, A Trompicones konpainiak El despertar emongo dau Otxarkoagan.
Egitaraua biribiltzeko, emonaldi bi egongo dira abenduan: Maite Guevarak Soltarlo al aire aurkeztuko dau Castañosen (4an) eta Luna Llenak Amigas... ¿para siempre? Altamiran (9an). Bilboko Zirkuituko emonaldi guztiak 19:30ean hasiko dira eta doban sartu ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!