Joan Mari Torrealdaik jasoko dau Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Bizkaie! 2015-09-28 13:56   Kulturea

Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, 1942) soziologo, idazle eta euskalzaleak Eusko Ikaskuntzaren gorazarrea jasoko dau, aurtengo Manuel Lekuona Sariaren bidez. Euskerearen eta euskal kulturearen alde Torrealdaik egindako lana goraipatu dau epaimahaiak eta gizarteari ekarpen nabarmena egin deutsala azpimarratu. Saria emoteko ekitaldi ofiziala 2016aren hasieran izango da.

Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, 1942) soziologo, idazle eta euskalzaleak Eusko Ikaskuntzaren gorazarrea jasoko dau, aurtengo Manuel Lekuona Sariaren bidez. Euskerearen eta euskal kulturearen alde Torrealdaik egindako lana goraipatu dau epaimahaiak eta gizarteari ekarpen nabarmena egin deutsala azpimarratu. Saria emoteko ekitaldi ofiziala 2016aren hasieran izango da.

Sasoirik ilunenetan hasi eban euskal kulturearen aldeko lana Joan Mari Torrealdaik. Harrezkero, euskal kulturea bultzatzen ibili da, epaimahaiak azpimarratu dauenez. Gizartean erreferente eta eredugarri da Torrealdairen jarrerea: Manuel Lekuonaren kezkea ez zan bakarrik euskerea eta euskal kulturea ikertzea, baita biziarazotea be, gizartean merezidu dauen lekua emotea, eta horregaz bat egiten dau Torrealdaik, dino epaimahaiak.

Hartara, beste hautagaiek baino babes handiagoa jasota, Joan Mari Torrealdaik jasoko dau 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Bide bitatik jasotako eretxiak kontuan hartuta aukeratu dabe: Batetik, euskal komunidade globalaren eta Eusko Ikaskuntzako bazkideen botoak hartu ditue. Mila persona inguruk emon dabe botoa. Bestetik, epaimahai instituzionala be eratu dabe. Epaimahai horretan honeek erakundeak egon dira: Euskaltzaindia, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Ikastegia, Jose Miguel de Barandiaran Fundazinoa, Vianako Printzea Erakundea eta Eusko Ikaskuntza bera. Sari-emote ekitaldia 2016ko lehenengo hiruhilekoan izango da, oraindino zehaztu bako egunean.

Manuel Lekuona Saria 1983tik emoten dau Eusko Ikaskuntzak, euskal komunidade globalerako ekarpen garrantzitsutzat joten dan obra osoa egin daben personei autorpena emoteko helburuagaz. Normalean, urtero emoten da saria. Igaz, esate baterako, Antxon Agirre Sorondo saritu eben.

Joan Mari Torrealdairen ibilbidea luzea eta oparoa da euskal kulturan. Jakin aldizkariaren zuzendari izan zan urte askoan, 1967an hasita. Euskerearen inguruko saiakera ugari idatzi ditu, baita biografiak eta kazetaritza-lanak be. Euskerazko liburuen katalogoa sortu eta gaurkotzen be ibili da.

Torrealdai euskalgintzan nabarmendu da. Euskaltzaina da.  Euskaldunon Egunkariko zuzendaritza batzordean sartu zan 1990ean eta proiektuaren hasierako urteetan bultzatzaile nagusietako bat izan zan. 2003an, Egunkaria zarratu ebenean, atxilotu egin eben. 2010ean absolbidu egin eben. Guardia Zibilak torturau egin ebala salatu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu