Egitarau oparoa Arriaga Antzokian, urteko azkanengo hiruhilekoan
2015-09-28 11:16 KultureaAntzerkia, musikea eta jantzea dakarz, betiko legez, Arriaga Antzokiak urteko azkanengo hiru hileetarako. Oskorriren agurraren lekuko izango da Bilboko antzokia eta horrezaz gan, Kreditua eta Etxekoak euskerazko antzezlanak egongo dira. Ana Belen, Carmen Machi, Tristan Ulloa eta beste artista ezagun asko be oholtzan egongo dira euren obrakaz. Emilio Sagiren La corte del faraon Arriagara bueltan izango da, uri askotan arrakastea euki eta gero.
Antzerkia, musikea eta jantzea dakarz, betiko legez, Arriaga Antzokiak urteko azkanengo hiru hileetarako. Oskorriren agurraren lekuko izango da Bilboko antzokia eta horrezaz gan, Kreditua eta Etxekoak euskerazko antzezlanak egongo dira. Ana Belen, Carmen Machi, Tristan Ulloa eta beste artista ezagun asko be oholtzan egongo dira euren obrakaz. Emilio Sagiren La corte del faraon Arriagara bueltan izango da, uri askotan arrakastea euki eta gero.
Urteko azanengo hiruhilekoko programazinoa indartsu hasiko da. Urriaren 1, 2 eta 3an El invernadero antzezlana ikusgai izango da, Gonzalo de Castro eta Tristan Ulloa aktore nagusiakaz. Harold Pinter-en obra baten oinarrituta dago. Juan Carlos Plazak zuzendutako Medea urriaren 22tik 25era programauko dabe, Ana Belen protagonista dala. Zemendiaren 14 eta 15ean Teatro de la ciudad ikuskizun berezia helduko da Arriagara. Antzezlan bakarrean hiru obra sartu ditue, Carmen Machi eta Aitana Sanchez Gijonen moduko aktoreakaz.
Abenduan, La corte del faraon ailegauko da Bilbora, hil horren 11tik 19ra hain zuzen. Emilio Sagik zuzendutako obra hori Arriagan bertan estreinau zan 2012an eta harrezkero ibilbide arrakastatsua bete dau antzokirik antzoki. Orain, Bilbora bueltan da zartzuela hori. Gabonetan, Arriagaren, Tartean Teatroaren eta Basauriko Social antzokiaren arteko koprodukzino bat helduko da, Amour.
Euskerazko antzerkiak be izango dau lekua datozan asteetan Arriagan. Alde batetik, urriaren 29tik 31ra, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga bikoteak Kreditua antzezlana eroango dau Bilbora. Bestetik, zemendiaren 18an, Etxekoak lanaren txandea izango da. Ander Lipusek zuzentzen dau obra hori, Jon Gerediagaren testuetan oinarrituta. Patxo Telleriaren Pankreas antzezlana, euskeraz arrakasta polita batu eta gero, gaztelaniazko bersinoan bueltauko da Arriagara.
Antzerkiaz besteko proposamenen artean, Oskorriren kontzertua nabarmendu behar da. 45 urteko ibilbidearen ostean, taldeak erretiroa hartuko dau eta, Despedidea birearen barruan, azkan-azkanengo kontzertua Bilboko Arriagan emongo dau, zemendiaren 22an. Olaeta Balletaren jantza-ikuskizun barriaren estreinaldia be une aitagarria izango da Arriagako programazinoan. Zemendiaren 6an eta 7an izango da hori. Lehenago, urriaren 9an eta 10ean, Dantzaz konpainiaren Aureo helduko da Bilbora.
Miguel Poveda, Milladoiro, Paco Ibañez eta beste askoren kontzertuak be egongo dira Arriaga Antzokian urteko azkanengo hiruhilekoan. Programa pedagogikoak, saio lirikoak, tailerrak artistakaz eta abar be ez dira faltauko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!