Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano Goteborgen

Bizkaie! 2015-09-24 10:24   Kulturea

Euskal Literatureak presentzia nabarmena izango dau asteon Suediako Goteborg urian, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano idazleen eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskerearen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariaren eskutik.

Euskal Literatureak presentzia nabarmena izango dau asteon Suediako Goteborg urian, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano idazleen eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskerearen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariaren eskutik. Euskal idazleek euskal gizartean daben eginkizuna izango dabe aztergai hirurek irailaren 25ean Göteborgeko Unibersidadean eskainiko daben berbaldian; Johann Järlehedek egingo ditu moderatzaile lanak.

Horrezaz gan, Etxepare Euskal Institutuak euskal literaturearen zabalkundeari ekingo deutso Bokmassan Göteborg Book Fair nazinoarteko azokan irailaren 24tik 27ra bitartean. Stand batean gure sortzaileen ganeko argibideak eskaintzeaz gan, hainbat hitzordu be lortu ditu herrialde desbardinetako editore eta adituakaz, gure literaturearentzat nazinoarteko merkatu eta zabalkunderako bide barriak lortzeko asmoz.

Beste alde batetik, hainbat ekitaldi antolatu ditu Etxeparek azokearen inguruan. Irailaren 25ean, Kirmen Uribek eta Harkaitz Canok poesia irakurketak eskaniko ditue Poetry Room gunean, eta Mari Jose Olaziregik barriketaldi batean esku hartuko dau Dolores Vilavedra Consello Galegoko kideagaz batera.

Irailaren 26an, Kirmen Uribek eta Milena Busquets Kataluniako idazleak memoriaren rolari buruz egingo dabe berba. Uribek eta Canok, ganera, kontakizun laburren irakurketa bat eskainiko dabe, Basque Deli izenburupean, eta Small is Big mintegian esku hartuko dabe biek, Andreas Ekstromegaz batera. Eta egun horretan bertan euskal literatureak Europan dauen presentzia jorratzeko berbaldia be antolatu dau Institutuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu