Lydie Salvayrek 'Negarrik ez' Espainiako Gerra Zibilaren ganeko liburua aurkeztuko dau Bilbon
2015-09-21 15:46 KultureaLydie Salvayre idazle frantsesak Pas pleurer (Negarrik ez) Espainiako Gerra Zibilaren inguruko liburua aurkeztuko dau gaur, irailaren 21ean, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturgunean, arratsaldeko 19:30etik aurrera.
Lydie Salvayre idazle frantsesak Pas pleurer (Negarrik ez) Espainiako Gerra Zibilaren inguruko liburua aurkeztuko dau gaur, irailaren 21ean, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturgunean, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Lan horri esker, egileak Goncourt Saria -Frantziako letren sari garrantzitsuena- irabazi eban 2014an, eta gaztelaniazko itzulpena orain denpora gitxi argitaratu dau Anagrama argitaletxeak. Bilboko Institutu Frantsesagaz batera antolatu dan ekitaldia Gorka Landaburu kazetariak aurkeztuko dau.
Bilboko Udalak jakinarazo dauenez, Frantzia hegoaldean erbesteratutako errepublikanoen alabea dan Lydie Salvayrek Espainiako Gerra Zibilean girotu dau liburua, eta frantsesaren eta gaztelaniaren arteko hibrido batean dago idatzita. Idazleak holan egin gura izan dau bere amaren berba egiteko modua erakusteko.
Negarrik ez 1936ko udan hasten da, Gerra Zibilaren hasieran. Idazlearen amaren, Montseren, kontakizun personalagaz hasten da. Garai haretan, landa giroko Kataluniatik etorren 15 urteko neska gaztea zan, askatasunaren aldeko abenturearen tentazinoak eroana, eta alaba bat emongo eutson gazte frantses batez maiteminduta, bat-batean Diego izeneko mutil andaluziar bategaz ezkondu eta haregaz Frantziara iges egin aurretik. 90 urteko emakume zahar bilakatuta, liburuaren narrazinoaz arduratzen dan alabeari transmitidu deutso familiaren historia.
Egileak, bere amaren historia Georges Bernanos idazlearen historiagaz kontrajarten dau. Idazle monarkiko, katoliko eta Frantziako tradizinoen jarraitzailea, Charles Maurras politikari ultraeskuindarretik hur egoana, Mallorkan egoan altxamendu militarra hasi zanean, eta nazionalen alde agertu zan arren, Francok egindako astakerien kontra azaldu zan Los grandes cementerios bajo la luna saiakera lanean. Salvayrek historia beraren bi eszena, bi esperientzia eta bi ikuspegi kontrajarten ditu.
Lydie Salvayre
Lydie Salvayre (Autainville, 1948) Hizkuntza Modernoetan eta Medikuntzan lizentziau zan, eta ondoren Psikiatrian espezializau zan Marseillan. Bertan urte luzez ibili zan psikiatra lanetan Bouc-Bel-Air-eko klinika batean.
1970eko hamarkadearen amaieran aldizkari batzuetan idazten hasi zan. Horrezaz gan, 20 liburu inguru idatzi ditu. Bere eleberrietako batzuk antzerkirako egokitu dira, La puissance des mouches eta Les belles âmes, besteak beste, eta bere hainbat testu musikarako be moldatu dira.
Parisen jaiotako (1951) Gorka Landaburu kazetariari jagokonez, hainbat komunikabidetan egin dau lan (EFE, Radio France, Radio Euskadi, Reuters eta abar) eta gaur egun Aldaketa Hamasei aldizkariaren zuzendaria eta argitalpen kontseiluko presidenteordea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!