Euskal jantzearen inguruko erakusketa bat edegiko dabe Miarritzen datorren barikuan

Bizkaie! 2015-09-08 18:32   Kulturea

Euskal Kultur Erakundeak (EKE) produzidu dauen Soka, euskal dantzaren urratsetan izenburuko erakusketeak 150 metro koadroko tokia hartuko dau Miarritzeko Santa Eugenia eleizpean eta bertan euskal jantzearen gorabeherakaz gozauko dabe hurreratzen diranek. Sarrerea doban da eta urriaren 11 arte egongo da bertan ikusgai.

Datorren barikuan, hilaren 11n, edegiko da Miarritzen euskal jantzearen ganean inoiz eginiko erakusketarik handienetako bat, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) produzidu dauen Soka, euskal dantzaren urratsetan izenburukoa, hain zuzen be. Erakusketeak 150 metro koadroko tokia hartuko dau Miarritzeko Santa Eugenia eleizpean eta bertan euskal jantzearen gorabeherakaz gozauko dabe hurreratzen diranek. Sarrerea doban da eta urriaren 11 arte egongo da bertan ikusgai.

Erakusketa multimedia honen edukiak lau hizkuntzatan eskainiko dira (euskeraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez) eta edukiak oso aberatsak eta anitzak izango dira: 400 bat artxibo, alkarrizketa zati, soinu zati eta irudi artxibo, jatorrizko zazpi bideo sorkuntza, eta erakusketarako propio eginiko argazki ugari.

Horrezaz gan, Eleketa, ahozko memoria batzeko proiektuan euskal jantzen inguruko lekukotasun ugari grabau ditue eta horreen zati ugari ikusgai izango dira erakusketan.

Bestalde, edukien aberastasuna ikuslegoaren esku ixteko, ukipen pantailak, formatu handiko telebistak, koadro numerikoak, ordenagailuak eta bideo proiekzino eremuak erabiliko dira. Era berean, erakusketearen partaide dan Euskadiko Filmategiko artxibo batzuk be erakutsiko ditue. Adibidez argazki-kazetaritzearen sortzaileetako bat izan dan Robert Capak (Endre Friedmann, 1913-1954) 1951ko abuztuan Saran egin zituan argazkien bost erreprodukzino ikusi ahal izango dira erakusketan. Balio handiko dokumentu eder horreek New Yorkeko International Center of Photographyrenak dira.

Erakusketa ibiltaria izango da eta Miarritzeko erakustaldiaren ostean Donostian izango da zezeilean, Europako Kultur Uriburuaren ekimenen barruan. Izan be, antolakuntzan EKEgaz batera lankidetzan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostia2016 erakundea. Babesa emon dabe Etxepare Euskal Institutuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak be, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu