Aiko taldeak erromeria herrikoi bategaz zarratuko dau domekan Urduñako Folk Jaialdia

Bizkaie! 2015-09-04 12:10   Kulturea

Euskal Herriko jantza tradizionalak zabaltzen dabilzan musikari eta jantza-maisuez osotutako Aiko taldeak Urduña osoa jarriko dau jantzan datorren domekan, hilaren 6an, astegoienean Bizkaiko herri horretan egingo dan Folk Jaialdiari amaierea emonez.

Euskal Herriko jantza tradizionalak zabaltzen dabilzan musikari eta jantza-maisuez osotutako Aiko taldeak Urduña osoa jarriko dau jantzan datorren domekan, hilaren 6an, astegoienean Bizkaiko herri horretan egingo dan Folk Jaialdiari amaierea emonez. Aiko Foru plazan agertuko da 19:00etan, erromeria jostagarri bat eskaintzeko. Holako ospakizunetan, publikoa jantzan jarteaz gan, Aikoko jantza-maisuek pausuak eta koreografiak irakasten deutseez jantzazaleei ikasketa-metodo erraz baten bidez.
 
Aiko arduratuko da UrduFolken edizino barri hau zarratzeaz, Urduñako Koroatze Jaien programazinoaren barruan. Hitzordu honen hirugarren edizinoak artista konbidaduen eta nazinoarteko folk lehiaketako partaideen emonaldiak tartekatu ditu. Aurten, musikazaleek Valentzia, Katalunia, Nafarroa, Maroko eta Frantzia aldetik etorritako erritmoez gozetako aukerea izango dabe. Domekan, buruhandi eta erraldoien kalejirearen eta euskal kantu herrikoien bigarren topaketearen ondoren, jaiak Aiko taldearen jantzaplazaz amaituko dira.
 
Lehenago, zapatuan, hilaren 5ean, ETB1ek Aiko taldeak Bilboko Aste Nagusian antolatzen dauen ohiko erromeria eskainiko dau gauean. Aurtengoa abuztuaren 26an egin zan. Aiko taldeko kideek, Bilboko Zazpi Kaleetako Txakur kalera inguratu ziran beste alkarte batzuetako kideakaz eta herritarrakaz batera, jai-giro gozagarri eta jostagarrian kantau eta jantzan egiteko aukerea izan eben. Ilaski Serrano aurkezleak eurekaz batera konbidauko gaitu zapatu iluntzeko emonaldi berezi horretaz gozai daigun, 21:30ean, ETB1en.


Iraileko agendea

Aikorentzat, erromeriak hasierea emongo deutso jardueraz betetako beste ikasturte bati. Hile honetan bertan, beste hiru erromeria (Urduñan, Beasainen, Legazpin eta Zamudion) eta bi jantza tailer (Legazpin eta Zamudion) antolatuko ditue. Hurrengo astegoienean beste bi Jantzaldi Erromeria izango dira Gipuzkoako bi herritan: irailaren 12an, zapatuan, Beasaineko Igartza auzoan ospatuko dan Dantzari Egunaren harian. Eta hurrengo egunean, irailaren 13an, domekan, Legazpi beste erromeria baten eszenatoki izango da arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
 
Udagoienean dagoeneko, iraileko azken astegoienak Aikoren bi emonaldi jasoko ditu. Hasteko, arratsaldeko 18:00etatik aurrera jantza tailer bat egingo da Zamudioko eskola zaharretan dagoan Kultur Etxean. Hurrengo egunean, irailaren 27an, domekan, eta Gorbeia Suzien mendiko lasterketearen harian (ibilbide gogorreko 32 kilometro Parke Naturalean), Aikok erromeria eskainiko dau probea amaitzean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Zeanuriko Herriko Plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu