Bilboko Guggenheim Museoak inoizko bisitari kopuru handiena izan dau udan
2015-09-02 10:42 KultureaGuggenheim Bilbao Museoak inoizko bisitari kopuru handiena izan dau 2015eko udan, garagarrilean eta abuztuan 317.775 lagunek ikusi baititue hango erakusketak, hau da, 2014ko udan baino 37.688 gehiagok. Garagarrila izan da hilerik onena, 144.639 bisitarigaz.
Guggenheim Bilbao Museoak inoizko bisitari kopuru handiena izan dau 2015eko udan, garagarrilean eta abuztuan 317.775 lagunek ikusi baititue hango erakusketak, hau da, 2014ko udan baino 37.688 gehiagok. Garagarrila izan da hilerik onena, 144.639 bisitarigaz, eta abuztua museoaren historiako onenen artean bigarrena izan da, 173.136 bisitarigaz, museo bilbotarrak prentsa ohar bidez jakinarazo dauenez.
Udako bisitariak hainbat lekutakoak izan dira. Guztien % 69 Espainiako Estadutik kanpokoak izan dira, eta aitagarriak frantsesak (guztien % 17), Erresuma Batukoak (% 8), eta Alemania, Herbehereetakoak eta Italiakoak (% 7na) izan dira.
Bisitari gehien izan dan eguna abuztuaren 4a izan da, 7.816 bisitarigaz, eta garagarrilean eta abuztuan eguneko batez bestekoa 5.125 bisitarikoa izan da.
Modu honetan, danetara, aurten, abuztuaren 31ra arte, 757.595 bisitari izan dira Guggenheim Bilbao Museoan, hau da, 2014an data horretan baino % 8 gehiago eta 2013an baino % 17 gehiago.
Museoko arduradunen arabera, gaur egungo bi artista gailenen erakusketek bisitari asko erakarri ditue, eta irailean be aukera hori egongo da, Jeff Koons: atzera begirakoa (irailaren 27ra arte), Jean-Michel Basquiat: Bada garaia (zemendiaren 1era arte) eta Shazia Sikander: Parallax ikus-entzunezko lana ikusgai izango baitira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!