XXXVI. Automatika Jardunaldiak lehenengo aldiz Bizkaian

Bizkaie! 2015-09-02 10:09   Kulturea

Bilboko Injinerutzako Goi Eskola Teknikoak Bizkaia Aretoan egingo diran XXXVI. Automatika Jardunaldiak antolatu ditu irailaren 2an, 3an eta 4an. Bizkaiko uriburuak lehenengoz jasoko dau industriaren etorkizunerako funtsezkoa dan diziplinan nazinoarteko adituak urtero batzen dituan ekitaldia.

Bilboko Injinerutzako Goi Eskola Teknikoak, Sistema Injinerutza eta Automatika Sailaren bitartez, Bizkaia Aretoa eraikinean egingo diran XXXVI. Automatika Jardunaldiak antolatu ditu irailaren 2an, 3an eta 4an. Bizkaiko uriburuak lehenengoz jasoko dau industriaren etorkizunerako funtsezkoa dan diziplinan nazinoarteko adituak urtero batzen dituan ekitaldia.
 
Hizlarien artean Andy Chang estadubatuarra, sektoreko mundu mailako liderretako bat dan National Instrumentseko Ikerketa arduraduna dago, eta Gauzen Internet eta Fabrikaren Etorkizuna gaiari buruz berba egingo dau. Changek Injinerutza Mekanikoko gradua egin eban San Diegoko Unibersidadean (Kalifornia, AEB), eta Injinerutza Mekanikoko masterra Michiganeko Unibersidadean. Etxe Zuriak sistema ziberfisikoetarako bultzatu dauen ekimenaren partaide izan da, euRoboticseko kide be bada eta IFAC Mechatronics Symposium-eko presidenteorde izan zan. Haren ikerlanak sistema ziberfisikoen azterketan oinarritzen dira.
 
Beste berbaldietako bat, GTRob taldeak (CEAko Errobotika Gaikako Taldea) konbidautako hizlariak emongo dau, Eugenio Guglielmelli doktoreak, Erromako Campus Bio-mediko Unibersidadeko Biomedical Robotics and Biomicrosystems Lab izenekotik datorren eta ospe handia dauen ikerlariak; Errobotek ez dabe otoitz egiten izeneko bere berbaldia, errobotikearen eta Adimen Artifizialaren alorretako ikerketen eta Errobotika erreaktibo kontzeptuaren sorkuntzearen arteko loturak izango ditu ardatz. Azken kontzeptu horretan, pertzepzinoa eta materializazinoa errobotika alorreko i+G-aren interes erdigune bilakatzen dira, sintetizetako eta euren jokaera lan ingurunera denpora errealean egokitzeko kapaz diran makinen garapenaren oinarri.
 

Errobot humanoideen lehiaketea

Programearen barruan, injinerutza ikasleentzako lehiaketea be badago. Talde bakotxak errobot humanoide prototipoa aurkeztuko dau, hainbat probatan lehiatzeko. Errobot Humanoideen CEABOT Lehiaketea, Espainiako Automatika Batzordeak antolatutakoa, espainiar estadu osoko unibersidadeetako graduko eta gradu-osteko ikasleei zuzenduta dago. Probetan mobikortasun testak (oztopo lasterketea, eskailerak igotea eta bajatzea...), sumo burrukak edo ikusmen probak (bi dimensinotako QR barra kodeak dekodetzea, oztopoak identifiketea...) jasoten dira.
 
Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoak antolatutako Jardunaldietan 200 partaide inguru batuko dira, Sistema Injinerutza eta Automatikeagaz lotutako gaietan dabilzan profesionalen eta ikerlarien artean.
 

Beste hizlari azpimarragarri batzuk

* José Antonio Sánchezek Doktoretza prestakuntzearen etorkizuna gaiari buruz berba egingo dau. Unibersidadeko Katedraduna da Injinerutza Mekaniko sailean. Industria Injinerutzako Doktore Euskal Herriko Unibersidadean eta Master in Advanced Manufacturing Technologies Manchesterreko Unibersidadean (UMIST). Prezisinozko Mekanizatu linea zuzentzen dau Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan, eta 60 artikulu baino gehiago argitaratu ditu ospe handiko nazinoarteko hainbat argitalpenetan.
 
* Joseba Sainz de Murieta, Hezkuntza eraldatzailea: Giza garapenerako teknologiak, injinerutza solidarioa izeneko berbaldiagaz. Murieta irakaslea da EHUko Sistema Injinerutza eta Automatika Sailean. Iraunkortasun alorreko Barrikuntza proiektu bateko arduraduna da, eta EHUko Lankidetza Kontseiluko kide, Euskadiko Mugarik Bako Injinerutzea ordezkatuz.
 
* Jose Luis Villatek, Itsasoko Energia Barriztagarrien Erronkak eta Aukerak gaia izango dau berbagai. Zientzia Fisikoetan Lizentziatua eta Fabrikazinoko teknologia aurreratuetako Masterra. Momentu honetan Tecnalia teknologia korporazinoan dabil lanean, eta bertan, itsasoko energia barriztagarrien ikerketara eta garapenera zuzendutako 30 personako taldea zuzentzen dau.
 
Era berean, ospe handiko zenbait katedradun be Bilbon izango dira: Joseba Quevedogaz, Espainiako Automatika Batzordeko, CEAko, egungo presidenteagaz batera, zenbait Automatika Sari Nazional be bertan izango dira, Pedro Albertos, Sebastián Dormido, Luis Basáñez, Juan Antonio de la Puente edo Eduardo Fernández Camacho, besteak beste.
 
Espainiako Automatika Batzordeak (CEA) urtero ospatzen ditu Jardunaldi honeek 1977tik. Jardunaldiak eztabaida foroak dira, eta bertan, injinerutzearen adar honegaz lotutako emoitzak aurkeztu, ideiak eztabaidatu eta proiektuak aurkezten dira. Automatikea, industriaren barruan barrikuntzearen euskarrietako bat izateaz gan, Laugarren Industria Iraultzearen protagonista izango diran Lantegi adimendunak martxan jarten dagoan Industria 4.0 izenekoaren oinarria be bada.
 
XXXVI. Automatika Jardunaldien antolakuntzea Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Sistema Injinerutza eta Automatika Saileko GCIS taldearen esku dago aurten, Marga Marcos katedraduna buru dala. Antolakuntzeak zenbait enpresaren babesa izan dau, National Instruments Spain S.L., Robotnik Automation S.L.L., Beckoff  S.A., Alecop S.Coop, Ingeteam S.A., Metro Bilbao, Petronor, Phoenix Contact S.A. eta Mathworks besteak beste; eta baita CEAren laguntzaile diran zenbait erakunderena be: Prodel, Omron, Infaimon, Mathworks, Siemens, ISA Sección Española, RIAI...; eta baita erakunde publikoena be: Bilboko Udala eta Euskal Herriko Unibersidadea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu