'Kazetaritza bertatik bertara' zikloa egingo dabe Gasteizen, abuztuaren 24an hasita

Bizkaie! 2015-08-19 14:45   Kulturea

Aurreko urteetan euki dauen arrakastea ikusita, aurten barriro antolatu dau Gasteizko Udalak ziklo hori, nazinoarteko jazoeretan kazetariek daukien zeregina erakusteko asmoz. Kazetari, argazkilari eta bestelako adituen parte-hartzeagaz, pil-pilean dagozan gaiak aztertzea da helburua. Aurten, Greziako egoerea eta yihadismoa jorratuko ditue sakonean. Berbaldiak, filmak eta  tailerrak egongo dira Europa biltzar etxean.

Aurreko urteetan euki dauen arrakastea ikusita, aurten barriro antolatu dau Gasteizko Udalak ziklo hori, nazinoarteko gertakarietan kazetariek daukien zeregina erakusteko asmoz. Kazetari, argazkilari eta bestelako adituen parte-hartzeagaz, pil-pilean dagozan gaiak aztertzea da helburua. Aurten, Greziako egoerea eta yihadismoa jorratuko ditue sakonean. Berbaldiak, filmak eta  tailerrak egongo dira Europa biltzar etxean.

Abuztuaren 24tik 29ra egingo dabe 'Kazetaritza bertatik bertara' zikloa Gasteizen. Horretarako, nazinoarteko gaietan eskarmentua daukien kazetari eta argazkilariak konbidau ditue, euren esperientziak kontau deiezan. Aurtengo edizinoan gai nagusi bi eukiko ditue: batetik, Greziako krisi ekonomiko eta politikoa eta, bestetik, indarkeria yihadistearen zabalkundea. Horreek gai biak zeresan handia emoten dabilz joan diran hileotan. Halandabe, nazinoarteko agendako beste gai batzuk aztertzeko tartea be hartuko dabe.

Berbaldiak eta mahai-inguruak izango dira zikloaren ardatza. Europa biltzar etxean egingo dira, egunero eguerdiko 12:00etan hasita. Sarrerea librea izango da. Antolatzaileek aurreratu dabe profesional entzutetsuak egongo dirala bertan: Edu Ponces argazkilari kataluniarra, Dora Makri kazetari greziarra, euskal hedabideentzat barriemoile dabilen Mikel Aiestaran, Andoni Lubaki gerrako argazkilaria eta abar. 

Zinema proiekzinoak be egongo dira. Eguerdian Europa biltzar etxean (doban) eta arratsaldean Florida zinema-aretoan (3 euro ordainduta) izango dira emonaldiak. Nazinoarteko gatazkak hobeto ulertzeko filmak izango dira. Adituen azalpenek lagunduta eskainiko ditue. Andoni Lubakik, bestalde, tailerra gidatuko dau abuztuaren 29an, gerra-argazkilaritzearen hastapenak azaltzeko.

'Kazetaritza bertatik bertara' zikloa egingo dabela aprobetxauta, argazki erakusketea ipini dabe Gasteiz uribidean. Kalean bertan dagoz irudiak, edozeinek ikusteko moduan. Pau Coll, Toni Arnau eta Edu Poncesek ataratako argazkien bidez, Erdialdeko Amerikako herriade batzuetako indarkeria giroa erakusten da. Batez be, Guatemala, El Salvador eta Honduraseko egoeran ipini dabe arretea, inguruko eremurik gatazkatsuena da eta. Hedabide handietan hango indarkeria erabat ahaztuta dagoala azpimarratu dabe argazkilariek. Erakusketea abuztuaren 11n zabaldu eben eta hilaren 30era arte ikusi ahal izango da.

Egitaraua, hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu