Alex Katz margolariaren inguruko erakusketea dakar Guggenheim Museoak urrirako
2015-08-14 10:11 KultureaBere ibilbidearen azkanengo 25 urteotan Alex Katzen obran paisajeek euki daben lekua aztertzen eta erakusten da Bilboko Guggenheim Museoak udagoienerako dakarren erakusketa barrian. 35 margolanen bidez, ibilbide luzeko artista amerikar horren azkanengo urteotako produzinoari arretea eskaintzen jako. Urriaren 26tik datorren urteko zezeilaren 7ra arte egongo da Bilbon 'Alex Katz. Hemen eta orain' izenburuko erakusketea.
Bere ibilbidearen azkanengo 25 urteotan Alex Katzen obran paisajeek euki daben lekua aztertzen eta erakusten da Bilboko Guggenheim Museoak udagoienerako dakarren erakusketa barrian. 35 margolanen bidez, ibilbide luzeko artista amerikar horren azkanengo urteotako produzinoari arretea eskaintzen jako. Urriaren 26tik datorren urteko zezeilaren 7ra arte egongo da Bilbon 'Alex Katz. Hemen eta orain' izenburuko erakusketea.
Erakusketearen izenburuak badauka arrazoi garbi bat. Izan be, Bilbora ekarri diran artelanen bidez, Katzek unean-uneko irudiak zelan ikusten dituan erakutsi nahi da, hau da, pinturea egiteko unean bertan eta lekuan bertan dagoana zelan sentiduten dauen, Guggenheim Museoak azaldu dauenez. Bilbon 35 margolan egongo dira ikusgai. Alex Katzen azkanengo 25 urteotako ibilbidearen parte dira obra guztiak. Paisajean ipini dabe arretea bereziki.
Alex Katz 1927an jaio zan New Yorken. Bigarren Mundu Gerrearen osteko arte amerikarrean lekua egin eban, sasoiko jokera batzuk baztertu zituan arren. Holan, obra abstraktuen une gorenean, pintura figuratiboa egiten segidu eban. Espresionismo abstraktuaren kontzeptuen kontra baegoan be, mobimentu haretako barritasun batzuk sartu zituan Katzek bere obran. 50eko hamarkadatik aurrera, Estadu Batuetako kanon artistikoaren parte da, Guggenheim Museoaren arabera. Gaur egun, abangoardiazko artistatzat joten da.
Alex Katzen margolanetan irudi figuratiboak dira nagusi. Halandabe, bere lanetako gune piktorikoa ez da sakona eta lerroak garbi-garbiak, murriztaileak eta oso deskriptiboak dira, adituen ustez. Zentzumenez jasoten danaren eta kontzientziaren arteko alkarguneaz, artearen eta naturearen arteko lotureaz eta unean-unekoaren nortasunaz gogoeta egitea da Katzen helburua.
Erakusketa hau Guggenheim Museoak udagoienerako dakarren eskaintzearen proposamen esanguratsuenetakoa da. Urriaren 23an zabalduko dabe eta, 2016ko zezeilaren 7ra arte, Bilbon egongo da. Atlanta uriko High Museum of Art-egaz alkarlanean atondutako erakusketea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!