Munduari lehenengo bueltea emon eutson Nao Victoriaren erreplikeak Ondarroa bisitauko dau aurtengo irailean

Bizkaie! 2015-04-08 11:38   Kulturea

Victoria izeneko nao hori aurretik Santa Maria deitzen zan, eta bere armadorea eta jaubea Domingo de Apallua izeneko ondarrutar bat izan zan. Apalluari itsasontzia dekomisau egin eutson Sevillako kontratatazino etxeak, teknikoek ezarritako prezioan, eta munduari bueltea emoteko erabili eben.

Ondarroako Historia Zaleak alkarteak egindako ikerketearen arabera, Elkanok munduari bueltea emoteko erabili eban Nao Victoria (aurretiaz, Santa Maria) Domingo de Apallua ondarrutarrarena zan Sevillako kontratazino etxeak dekomisau eutson arte.

Aurkikuntza honengaitik, Nao Victoria Fundazinoak, itsasontziak Ondarroa bisitau behar dauela erabagi dau, eta hori irailean izango da. Bisita horretan, barkua ikusteko aukerea egongo da. Bisita hau European Tour 2015 programan sartu dabe, eta Ondarroa izango da bisitauko dauen azkenengo portua eta euskal portu bakarra. Aurretik, apiriletik irailera bitartean, Frantzia, Belgika, Herbehereak eta Alemaniako portu batzuk bisitauko ditu.

Historia unibersaleko jazoera garrantzitsuenetako bat munduari lehenengo aldiz bueltea emon eutson espedizinoa izan zan. Magallanesek zuzendu eban bidaia, eta hiru urte itsasoan egin ostean (1519-1522), bostetik itsasontzi bakarrak lortu eban Sevillara heltzea 1522ko irailaren 8an. Itsasontzi hori Nao Victoria izan zan, eta Juan Sebastian Elkano getariarrak gidatu eban. Jazoera hau danok ezagutzen dogu.

Edozelan be, orain arte ezagutzen ez genduana hauxe da: Victoria izeneko nao hori aurretik Santa Maria deitu zala, eta bere armadorea eta jaubea Domingo de Apallua izeneko ondarrutar bat izan zala. Apalluari itsasontzia dekomisau egin eutson Sevillako kontratatazino etxeak, teknikoek ezarritako prezioan, eta munduari bueltea emoteko erabili eben.

Ondarroako Historia Zaleak alkarteak Sevillako Artxibo Historiko Probintzialean (protokolo notarialen atalean) dagoan dokumentu bat zabaldu dau. Agiri horretan agertzen da Apallua zala itsasontziaren jaubea, eta ziurrenik Ondarroan eregi ebela barku hori. Agiri horrek Ondarroa historia unibersalaren parte bihurtzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu