'Interludio' erakusketea aurkeztu dau Irune J. Orbea artista bilbotarrak
2013-04-16 15:33 KultureaIrune J. Orbearen Interludio erakusketea aurkeztu dabe Bilboko Rekalde aretoan. Argazki moltso batek eta proiekzino batek osotzen dabe Orbearen lana.
Irune J. Orbearen Interludio erakusketea aurkeztu dabe Bilboko Rekalde aretoan. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako barriek izeneko programearen barruan dago artista bilbotarraren beharra. Argazki moltso batek eta proiekzino batek osotzen dabe Orbearen lana.
Gonzalo Olabarria Aldundiko Kultura zuzendariak, Asier Madarieta Bizkaikoa erakundeko buruak eta Irune J. Orbea artisteak berak aurkeztu dabe erakusketea. Bizkaian lan egiten daben artista gazteek egindako sorkuntza plastikoa eta ikusizkoa sustatu eta lagundu gura dau barriek ekimenak, Olabarriaren esanetan.
Interludioa, musika arloan, zati handiagoen artean, edo opera bateko ekitaldi biren edo antzezlan batean artean, deskantsu lez egiten dan musika-konposizino laburra da. Irune J. Orbeak aurkeztu barri dauen erakusketea be beste proiektu handi biren artean dago, batetik besterako bidea da.
Lehenago egindako Fuga lana dau aurrekari Interludio-k. Egoera baten eta bestearen arteko transizino-izaerea dauka, esan dau egileak. Musikari bategaz osotu eban Fuga performace proiektua, eta handik hartu dau argia edo fokuaren elementua. Fokuak gauza batzuk argitu eta beste batzuk ilunetan ixten ditu -azaldu dau- gauzak batzuk erakutsi edo ostendu. Zirkuluaren formea behin eta barriz agiri da bai argazkietan bai bideoan be.
Interludio-n hurrengo lanaren elementu batzuk sartu ditu artisteak, kinu batzuk agiri dira. Honen osteko proeiktuan musikearen ordez jantzea izango da ardatza.
Irune J. Orbea (Bilbo, 1976) Paris eta Bilbo artean bizi da gaur egun, eta uri bietan egiten dau lan. Arte Eder ikasketak egin zituan EHUn. Igaz, banakako erakusketa bi edegi ziran, bata Basauriko Ariz Torrean eta bestea Madrilen. Bilbon, Berlinen eta Donostian ikusgai izan dira bere lanak.
2012 eta 2008 urteetan BilbaoArte artista egoiliarrentzako bekea jaso eban, horrezaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikoa sustatzeko emoten dituan laguntzak jaso ditu. Hainbat performancetan parte hartu dau argazkilari lez, berbarako, Itziar Barrio, Raketa Brokobich eta Grupo Katastrofenegaz.
Interludio erakusketea bagilaren 2ra arte egongo da ikusgai Rekalde aretoan; martitzenetik zapatura, goiz eta arrastiz, eta domeka eta jaiegunetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!