Lena Valenti eta Valerie Tasso protagonista apirileko Eztabaidak literatureagaz' ekimenean
2013-04-12 13:54 KultureaBi idazleek literatura erromantikoari eta erotikoari buruz berba egingo dabe eta moderatzailea, zineman espezializauta dagoan Felix Linares kazetaria izango da. Hitzordua, apirilaren 15ean, astelehenean izango da Bilboko Bidebarrietako Liburutegian.
Eztabaidak literatureagaz egitarauak literaturaren inguruko topaketak eskaintzen ditu hilean behin, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan. Hile guztietan aukeratutako eguna martitzena dan arren, oraingo honetan, salbuespen moduan, astelehenean egingo da, hilaren 15ean, hain zuzen be. Bi idazleek literatura erromantikoari eta erotikoari buruz berba egingo dabe eta moderatzailea, zineman espezializauta dagoan Felix Linares kazetaria izango da.
Zeri buruz berba egiten dogu 'Cincuenta sombras de Grey' lanaz berba egiten dogunean, hori da jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturara hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Eztabaidak literatureagaz ekimenaren hitzordu barriaren aurkezpen iradokitzailea. E. L. James idazle britainiarraren argitalpen arrakastatsuak emoten deutso izenburua oraingo ekitaldiari.
Cincuenta sombras en la literatura romántica berbaldiaren protagonistak, eleberri erromantikoan espezializauta dagoan Lena Valenti idazle valentziarrak eta Diario de una Ninfómana lana idatzi eban Valérie Tasso idazle frantziarra izango dira.
Lena Valenti (Badalona, 1979), Lorena Cabo idazlearen ezizena da. Hainbat hizkuntzatara itzuli diran eta nazinoarte mailan ospea lortzen dagozan fantasiazko lan erromantikoak idatzi ditu. Eleberri erromantikoan espezializautako irakurle profesional horren lanek indar barria emon deutsie gaztelaniaz idatzitako genero erromantikoari.
Valérie Tassori (Champagne-Ardenne, 1969) jagokonez, gaur egun Bartzelonan bizi dan idazle, sexologo eta ikerlari frantsesa da. 2003an, Diario de una Ninfómana lana argitaratu eban. 2008an, lan hori film bihurtu zan, izenburu berberagaz. Filmak eztabaida asko sortarazo zituan komunikabideetan, filmaren kartelak izan eban zentsurea zala eta. Lan horren ondoren, París la nuit (2004) eta El otro lado del sexo (2006) argitaratu zitun, biak be Plaza y Janés argitaletxean. 2008an, bere laugarren liburua, Antimanual de sexo argitaratu eban Temas de Hoy argitaletxean. Bere lanak 15 herrialde baino gehiagotan argitaratu dira. Telebista eta irrati saioetako ohiko kolaboratzailea da, eta hizlari eta ikerlari lez egin dauen ibilbidea be azpimarragarria da.
Seigarren edizinoa
2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturea ardatz hartuta alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean zoinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!