Martxan dira aurtengo Liburuaren Nazinoarteko Eguneko ekitaldiak
2012-04-20 15:04 KultureaLiburu Saltzaileen Alkarteak asteon emon ditu Papelezko argitxuak sariak, eta Liburu Azokea antolatuko dau Bilboko Berastegi kalean, hilaren 23an. Bilboko liburutegien sareak be egitarau berezia atondu dau zapatutik aurrera.
Liburu Saltzaileen Alkartea asteon hasi da Liburuaren Eguna ospatzen, izan be, apirilaren 19an Liburuaren Gaua antolatu eben Bilbon, Papelezko argitxuak sariak emoteko ekitaldia, hain zuzen be. Aurton, Mari Jungstedt idazleak jaso dau sari nagusia; horrezaz aparte, saria jaso dabe Iñaki Uriartek, Diarios lanagaitik, Goizalde Landabasok Bränskint liburuagaitik, eta Arturo García Diario Vasco egunkariko kazetariak, kulturea eta liburuaren ganeko ekintzen jarraipenagaitik.
Papelezko Argitxuak sariek irakurzaletasuna zabaltzeko egindako ahalegina saritzen deutsie idazle, erakunde eta kazetariei.
Apirilaren 23an bertan, 12:00etan, Liburuaren Eguna aurkeztuko dabe Bilboko Berastegi kaleko karpan. Ekitaldian parte hartuko dabe, besteak beste, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, Bizkaiko Liburusaltzaileen alkarteko presidentea Kepa Torrealdaik, Euskadiko Liburu-Ganbarako buru Josu Leginak, Toti Martinez de Lezea idazleak eta Euskadiko Liburu Azoken arduradun Asier Muniategik.
Egun osoan, Liburu Eguneko azokan, makina bat idazle izango dira liburuak sinatzen, tartean, Toti Martínez de Lezea, Jon Arretxe, Jon Bilbao, J.J. Abasolo, Félix Modroño, Juan Bas, Alex Oviedo, Iñaki Uriarte, Goizalde Landabaso eta Pedro Ugarte. Azokan libururen bat erosten dabenek, % 10 gitxiago pageko dabe, eta loratxua jasoko dabe, ganera.
Bilboko Liburutegi sarearen egitaraua
Beste alde batetik, Bilboko Liburutegi sareak jarduera bereziak antolatu ditu ume eta gazteentzako Liburuaren Nazinoarteko Egunaren harira. Apirilaren 21ean ipiniko dabe martxan egitaraua, eta astelehenean bertan, hilaren 23an, amaituko da. Ipuin-kontalariak, tailerrak, txotxongiloak eta berbaldiak antolatu ditue.
Zapatuan, apirilaren 21ean, Josune Muñoz literatur kritikari eta Skolastika taldeko kideak helduei zuzendutako literatur ohiturei buruzko Ba al dakizu zer irakurtzen duzun?: Literatur ohiturak hitzaldia eskainiko dau. Deustuko Liburutegian izango da hitzordua, 12:00etan. Egun eta ordu berean, Begoñako liburutegiak umeentzako Egin zeure liburua: Harratxo Itsusia tailerra egingo dabe, euskeraz eta gaztelaniaz.
Astelehenean, apirilaren 23an, Liburuaren Egunean, Bidebarrietako liburutegian liburu digitalari buruzko berbaldi-barriketaldia egingo dabe Kepa Torrealdai Bizkaiko Liburu Saltzaileen Alkarteko buruak, Julen Arrizabalaga e-Guneako arduradunak eta Fernando Morillo idazleak. Ekitaldia 19:00etan hasiko da.
Lehentxuago, 18:00etan, umeei zuzendutako hainbat jarduera egongo dira Zurbaranbarri, San Inazio, Zorrotza eta Deustuko liburutegietan. Zurbaranbarrin Stic Man-ek ingelesez kontauko ditu ipuinak; San Inazion, Gus txotxongilo taldeak Bibliotecaria en apuros lana eskainiko dau; Deustun, Sun magoak Magic hands ikuskizuna aurkeztuko dau, ostean Udal Liburutegi Sareak antolatutako ingelesezko liburuen aipamenei buruzko umeentzako lehiaketearen sariak banatuko ditue; eta, Zorrotzan, Egin zeure liburua: Harratxo Itsusia izeneko tailerra egingo dabe.
Horrezaz gan, astelehenean bertan, 18:00etan, Josune Muñoz kritikariak Irakurtzea plazera da: liburuen eta irakurleen arteko hitzarmena berbaldia egingo dau helduentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!