Bilboko kaleak eszenatoki bihurtuko dira maiatzetik aurrera
2011-04-28 15:42 KultureaBilboko auzoetan maiatzean eta bagilean atondutako kaleko arte eszenikoen eskaintzea aurkeztu dabe. Programazinoaren barruan, clownak, Magia Topaketak, zirkua, kaleko antzerkia eta musikea egongo dira. Ekitaldiak maiatzaren 7an hasiko dira.
Bilboko Kalealdiaren aurrerapen legez, uriko auzoetan maiatzean eta bagilean atondutako kaleko arte eszenikoen eskaintzea aurkeztu dabe. Programazinoaren barruan, clownak, Magia Topaketak, zirkua, kaleko antzerkia eta musikea egongo dira. Ekitaldiak maiatzaren 7an hasiko dira.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen horren helburua uriko kaleak animetea eta herritarrei kaleko ikuskizunekaz hartu-emon zuzena izatea da. Horrezaz gan, bertoko taldeei euren lanan jentaurrean erakusteko aukerea emon gura jakie.
Zorrotzako Feria parkean abiatuko da egitaraua, maiatzaren 7an eta 8an. Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazo Jaialdiagaz alkarlanean, lau clown konpainiak parte hatuko dabe: Nakupelle (Finlandia), Hiltoff (Espainia), Plaf (Argentina) eta Theatre Irrwisch (Austria). Zapatuan, Nakupelle taldeak The trap ikuskizuna aurkeztuko dau. Konpainia horrek zirkua, mozorroak eta txotxongiloak, akrobaziekaz eta mimoagaz nahasten ditu. Egun berean, Hiltoff-ek clown emonaldia eskainiko dau.
Domekan, maiatzaren 8an, Argentinako Plaf taldeak umeentzako Pajaritos en la cabeza lana erakutsiko dau; ostean, Theatre Irrwisch-ek Grannies ikuskizuna ekarrikom dau.
Beste alde batetik, arte eszenikoen Bilboko Zirkuitua dalakoak aurrera jarraitzen dau, eta Otxarkoaga, Txurdinaga, Begoña, Ibaiondo, Abando eta Basurtu-Zorrotza barrutietako kaleak eta plazak eszenatoki bihurtuko ditu. Maiatzaren 8tik 24ra bitartean, Euskal Herriko zein kanpoko makina bat konpanien lanez gozau ahal izango dogu. Circortito, Zirika Zirkus, Niño Costrini, Loco Brusca, Teatro Trapero del Río, Anemona, Oskola eta Karramarroi, Malas Compañías, Bapatean Zirko Taldea, Deabru Beltzak, Hiltoff, Hortzmuga eta Trapu Zaharrak taldeek estilo askotako ikuskizunak eskainiko ditue, beti be umorea eta ikusleen parte-hartzea bultzatzeko prest.
Maitzaren 13an Musikauzo programearen edizino barria hasiko da. Hamaika estilotako bederatzi bandak parte hartuko dabe. Rustic Arlazon Band-ek marching bands eta New Orleanseko brass bands itxurako emonaldiak egingo ditu; Marmarak eta Papa Swing-ek, ostera, jazz tradizionala eta swinga ekarriko dabe; Sambaskao sanba taldeak perkusioa eta erritmoa ditu gidari ditu; eta, Amaru taldeak Andeetan inspirautako soinuak joko ditu.
Eta, zazpigarren urtez, Otxarkoaga-Txurdinaga barrutiak Magia Topaketak hartuko ditu, maiatzaren 26tik 29ra bitartean. Errekalde auzoan, ordea, Zirkualde Hiriko Zirku Jaialdia egingo da, bagilaren 3an, 4an eta 5ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!