EGOk Aukeran konpainiaren hiru saio musikatuko ditu

Bizkaie! 2010-12-28 13:45   Kulturea

Urtarrilaren 2an Gasteizko Principal antzokian, 3an Bilboko Euskalduna jauregian eta 4an Donostiako Kursaalean ikusi eta entzun ahal izango diran ekitaldietan, jantzea eta musikea buztarturik, Aukeran jantza taldearen Gernika, mihise gaineko dantza ikuskizunari musikea jarriko deutso EGOk, Juan Jose Ocon zuzendariaren agindupean.

Euskal Herriko Gazte Orkestrako musikariak Eibarren dagoz neguko emonaldiak preparetan. Orkestreak hiru kontzertu baino ez ditu eskainiko, baina orain arte egindakoetatik desbardina izango da urtarrilaren 2an Gasteizko Principal antzokian, 3an Bilboko Euskalduna jauregian eta 4an Donostiako Kursaalean ikusi eta entzun ahal izango dana. Oraingoan, jantzea eta musikea buztarturik, Aukeran jantza taldearen Gernika, mihise gaineko dantza ikuskizunari musikea jarriko deutso EGOk, Juan Jose Ocon zuzendariaren agindupean.

Igaz estreinau eban Aukeran konpainiak Gernikako bonbardaketan oinarritutako koreografia. Donostiako Antzerki Ferian aurkezpena egin ondoren, Gernikan bertan taularatu eban hilabete batzuk geroago. Hamalau sekuentziatan banatuta, 'hondamendiaren aurreko eta ondorengo herri baten istorioa' azaltzen dau ikuskizunak, Edu Muruamendiaraz zuzendariaren esanetan. Picassoren koadro ezagunaren bost irudi aukeratu ditue, eta jantzariek agertokian irudikatu egiten ditue, zapi elastikoakaz. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan hildakoen zerrenda errezitetan daben unea da Gernika ikuskizuneko hunkigarrienetakoa.

Aitor Amezagak –80ko hamarkadan Akelarre plaza taldean ibilitako musikaria– sortu dau ikuskizunerako musika –Pablo Sorozabalen Hileta Martxa kantea be erabili dabe–, eta gidoia eta eszenea Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak zuzendu ditue. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako emonaldietan Euskal Herriko Gazte Orkestrako 48 musikariak, 12 kantari eta 10 jantzari alkartuko dira eszenatokian.

Euskal Herriko Gazte Orkestrea 1997an sortu eban Eusko Jaurlaritzeak, eta negu honetakoa 27. denporaldia izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu