Pedro Bilbao Doktorearen omenezko liburua, barriro salgai

Bizkaie! 2010-12-28 13:24   Kulturea

Liburu barriak aurreko argitaraldikoa handitzen dau argazki barriakaz, Getxon XX. mende hasieran jaiotako eta medikuntza prebentiboaren aitzindari izandako personaia honi hurreratzeko aukerea emoten dau.

Homenaje del pueblo de Getxo al Doctor Pedro Bilbao. Medicina preventiva y salud natural izenburuko liburuaren bigarren argitaraldia dago salgai aurtengo Gabonetan.

Liburu barriak aurreko argitaraldikoa handitzen dau argazki barriakaz, Getxon XX. mende hasieran jaiotako eta medikuntza prebentiboaren aitzindari izandako personaia honi hurreratzeko aukerea emoten dau. Arlo personal eta profesionalean ezagutu ebenen testigantza batzuk, eta argitaratutako bere idatzien sorta batek, bere ogibidea zerbitzua emotera bideratu eban zientzilari-humanistearen profila eskainiko deutsie irakurleari.

Ekimen hau sustatu dauen Herritarren Batzordeak, oraingo honetan be, Getxoko Udalaren babesa izan dau idazlan honen ale barriak liburu-dendatan ipinteko.


Pedro Bilbao Doktorea

Pedro Bilbao Encera 1909ko urriaren 9an jaio zan Algortako Portu Zaharrean. Familia xume bateko zortzi anai-arrebetatik gazteena izan zan, baina bere adore, adimen, humanismo eta bere bizitza osoan erakutsi eban lan egiteko gaitasunari esker, belaunaldi zenbaiten harenganako errespetu eta estimuan toki gorenetara heldu zan, gure mugetan barrena zein gure mugetatik kanpo. Bizipen latzak izan zituan, XX. mendeko garai gogorretan bizi izandakoak. Halan da be, sendo eutsi eutson bere jarrera baikor eta biziteko gogoari.

Ikasteko eta irakurteko zaletasuna oso gaztetatik biztu jakon eta eskolan lortutako emoitzek laster erakutsi eben bere adimenaren distirea. Beka batzuen diru-laguntzinoari esker medikuntza ikasketak egin zituan, eta ogibide horretan emon eban bizitza osoa. Zenbait hizkuntzetan berba egiten ebanez, eta jakiteko gogo handia ebanez, nazinoarteko ospe handiko medikuakaz hartu-emonak izan zituan eta garaiko aurrerapen zientifiko nagusienak batzen zituen argitalpenak eskura izan zituan.

Horri, eta bere adimen nabariari esker, bere garaiari aurrea hartu eutson. Bizitzako ohitura osasungarriei buruzko gomendioak aurrerapen handia izan ziran eta, lanaren aldetik, oso arrakastatsuak izan ziran. Horri guztiari gehitu behar jako Pedro Bilbao jauna zintzoa eta eskuzabala zala. Horregaitik esan leiteke, duda barik, osatzen dauen medikuaren jarraibide ezin hobea izan zala, jakin eta ikasi, entzun eta kasu egin, begiratu eta ikusi egiten eban medikua zalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu