'El Jueves' eta 'Pompas de papel' omenduko ditue Getxoko Komiki Azokan
2010-11-19 12:59 KultureaKomiki eta Manga Azokaren bederatzigarren edizinoak binetearen mundua eroango dau Getxora zemendiaren 26tik 28ra. Hiru egunetan, komikia protagonistea izango da Areetako Geltokia plazan. Bertan, 80 salmenta-gune baino gehiago egongo dira.
Komiki eta Manga Azokaren bederatzigarren edizinoak binetearen mundua eroango dau Getxora zemendiaren 26tik 28ra. Hiru egunetan, komikia protagonistea izango da Areetako Geltokia plazan. Bertan, 80 salmenta-gune baino gehiago kokatuko dira, komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta beste hainbat. Esparru komertzialaz gan, hainbat ekitaldi be egingo dira.
Izen handiko egileak egongo dira Getxon, besteak beste, Gilbert Shelton, Frederik Peeters eta Stuart Immonen. Aitatzekoa da, ganera, Antonio Altarriba eta Paco Roca artisten parte-hartzea; lehenengoari Komikiaren Espainiako Sari Nazionala emon barri deutse, Kim ilustratzaileagaz eginiko El arte de volar lanagaitik; bigarrenak -igaz sari bera jaso eban- bere azken lana ekarriko dau Getxora: El invierno del dibujante.
Ken Niimura, Angel Unzueta eta El Jueves aldizkariaren egile batzuk be egongo dira Getxon, aldizkaria horrek omenaldia jasoko baitau azokan. Radio Euskadiren Pompas de papel irratsaioak be omenaldia jasoko dau, komikiaren mundua zabaltzeagaitik.
Erakusketak be ez dira faltauko aurten, eta zenbait egileren lanaren ingurukoak izango dira. Holan, aurten, Javier de Isusi, Ken Niimura eta Angel Unzuetaren erakusketa monografikoak egongo dira. Ganera, INJUVEren ilustrazino lehiaketan garaile subertau diran lanak ikusteko aukerea izango da. Azkenik, Euskadiko Ilustratzaile Profesionalen Elkarteak (EIPE) eginiko El Balanzín aldizkariaren erakusketea be egongo da.
Horrezaz ganera, udal erakusketa aretoetan eta Getxoko zenbait tabernatan komiki erakusketak egongo dira. Horreetan, EIPEren zenbait kideen lanak egongo dira ikusgai. Ganera, El Jueves aldizkariaren 25 azal onenen erakusketea be egongo da.
Argitaletxeen eta egileen nobedadeen aurkezpenak be egongo dira azokan, eta ezin dira ahaztu berbaldi eta mahai-inguruak, egunero izango baitira ekitaldi aretoan, baita emonaldiak zein animazinoak, film laburrak, dokumentalak edo Animeak, ikusleek komiki munduagaz loturiko zineaz gozetako aukerea izateko helburuagaz. Azkenik, Mangari jagokonez, jarduera egitarau zabala egongo da zemendiaren 28an, domekea, Mangaren Eguna izango dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!