20 konpainia XI. Bilboko Kalealdian
2010-06-22 18:43 KultureaBilboko XI. Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak, kalea eszenatoki bilakatzen adituak diran nazinoarteko artistak batuko ditu barriro be garagarrileko lehenengo hamabostaldian. Ohikoa danez, emonaldiak Kale Nagusiaren inguruan eskainiko dira garagarrilaren 1ean eta 2an eta Zazpi Kaleetako eta inguruetako plazetan, barriz, garagarrilaren 6an, 7an eta 8an.
Bilboko XI. Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak, kalea eszenatoki bilakatzen adituak diran nazinoarteko artistak batuko ditu barriro be garagarrileko lehenengo hamabostaldian. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen ekitaldi honetan ohikoa danez, emonaldiak Kale Nagusiaren inguruan eskainiko dira garagarrilaren 1ean eta 2an eta Zazpi Kaleetako eta inguruetako plazetan be bai garagarrilaren 6an, 7an eta 8an.
Errusiatik, Belgikatik, Madagaskarretik edo Kanadatik, eta baita Euskal Herritik eta Estadutik etorritako 20 konpainiak euren ikuskizunak erakutsiko deuskuez oinezkoentzako hamar kokagunetan, Kale Nagusian–Urkixo Zumardiaren eta Astarloa kalearen artean– Jado plazan, Arbietako kalean eta Diputazio kalean, eta baita Bailen Etxe-orratzean be. Garagarrileko bigarren astean, jaialdia Zazpi kaleen inguruetara joango da, Plaza Barrira, Arenaleko plazara, Arriaga plazara, Santiago plazara, San Nikolas plazara eta, aurten lehenengo aldiz, baita Arenaleko kaira be.
Bilboko Kalealdiaren edizino honek zenbait musika ikuskizun, zirkuko arteakaz lotutako beste batzuk eta baita arte eszenikoak eta ikus-entzunezko teknologia barriak nahastuz, ukitu esperimental garrantzitsua daben beste zenbait aurkeztuko ditu. Azken hori da 'Pantallas Urbanas' (Garagarrilak 1, 22:00etan) gaueko ikuskizunaren kasua, Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoa jaso dauen EHUko Arte Eder Fakultadearen proiektua. Bailen Etxe-orratza izenez ezagutzen dan eraikinaren fatxadea erabiliko dau bertan irudi dinamikoak emoteko, eta zuzeneko musikeak lagunduta, hots eta ikus paisajeak eregiko ditue, mihise bilakatuko dan uri ingurunean.
Jaialdiaren edizino bakotxean ohikoa danez, aurten be jaialdiaren produkzino propioa estreinauko dau Gaitzerdi Teatro taldeak. Garagarrilaren 1ean eta 2an ikusi ahal izango dan 'Karrikale' ikuskizuna, hiru ordutan Kale Nagusiko oinezkoentzako puntuetan, Abando eta Moyua artean, agertu eta desagertuko dan ikuskizun dinamikoa da.
Bilboko Kalealdiak eskainiko dauen lehenengo ikuskizuna, Acousteel Gang, altzairuzko bidoiz egindako perkusinoan espezializautako banda frantsesaren eskutik etorriko da. Zortzi kalejira eskainiko ditu garagarrileko lehen astean. Acousteel Gang milaka kaletatik ibili da, modu basati eta lirainean betez, euren estilo dibertigarriagaz. Tanborrak jaialdiaren lehenengo bi egunetan entzun ahal izango doguz, hainbat ordutan –arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara–, Kale Nagusian, Jado plazan eta Arbieto plazan.
Garagarrilaren 1erako eta 2rako aurreikusitako egitaraua honako honeek osotuko dabe: material harrigarrienak erabiliz kapela dibertigarriak, ederrak eta estrabaganteak egiten dituan Veronique des Chapeaux (Frantzia) artistea; Minusmal (Katalunia) 'Clara, el pequeño Clown' ikuskizunagaz, eta Malagasy Gospel, lehenengo egunean jente gehien batuko dauen ikuskizunetako bat, segurutik. Madagaskarretik datorren talde horrek saio bakarra emongo dau, garagarrilaren 1ean, arratsaldeko 20:00etan, Arbieto kalean. Malagasy Gospel, Madagaskarreko 40 umek osotutako gospel abesbatza da.
Kale Nagusi ingururako aurreikusitakoa garagarrilaren 2an amaituko da, arratsaldeko 20:00etan, Arbieto kalean, Sixters talde katalanak eskainiko dauen musika ikuskizunagaz.
Plazarik plaza
Garagarrileko bigarren astean, Zazpi Kaleen inguruak hartuko deutso lekua Kale Nagusiari, une honetako kaleko antzerkiak erakusten dauen sorkuntzearen eta indarraren erakusketea jasoteko. Antzezleen lanagaz batera, musikea, jantzea, zirkuko teknikak eta umorea dira konpainia horreek ikus-entzuleen arreta, konplizidadea eta laguntzinoa erakarteko erabilten dituen baliabideak.
Garagarrilaren 6an, 7an eta 8an, 14 izango dira Bilboko Zazpi kaleen inguruko kaleetan eta plazatan euren lanak aurkeztuko dituen konpainiak. Danetara, 24 emonaldi eskainiko ditue.
Arriaga plazak jasoko ditu gaueko ekitaldi ikusgarrienak, Atempo Circ (Katalunia), Gaitzerdi Teatro (Euskal Herria) eta Circus Klezmer (Katalunia) taldeen eskutik. Argiz, musikaz eta akrobaziez betetako ikuskizunak martitzenean, eguaztenean eta egunean eskainiko dira, gaueko 22:30etatik aurrera.
Artea airean
Zazpi kaleen inguruko programazinoak Areatzako kaian eskainiko diran hiru ikuskizun batzen ditu. Oso ikuskizun deigarriak izango dira ikusleentzat, eszenatoki legez erabiliko daben estrukturearen eta eskainiko dituen aireko akrobazia ikusgarriakaitik. Botproject (Katalunia), Wazobol (Belgika) eta The Flying Tiritas (Katalunia) konpainiek saio bikoitzak eskainiko ditue, arratsaldeko 19:00etan eta 21:00etan, garagarrilaren 6an, 7an eta 8an.
Estruktura ikusgarria izango da, baita be, Efimer talde katalanak urian zehar eroango dauena, 'Lo Monstre' ikuskizunean, izan be, 2,5 m. x 4 m.-ko zurezko txotxongilo handi baten bidez herensuge baten bizimodua erakutsiko deuskue. Zaintzaile bik lagunduta, zelan esnatzen daben ikusiko dogu. Alfertuta, ez dau oinez ibili nahi izango. Paseoan doala ikusleen laztanak bilatuko ditu, poztu egingo da jentea bera ikustera etorri dalako, janaria bilatuko dau, ura edango dau, doministiku egingo dau, haserretu egingo da eta hegan egiten ahaleginduko da...
Gaitzerdi Teatroz gain, Euskadiko beste bi konpainiak, Besarkadak eta Tearto Teatrok be euren lanak aurkeztuko ditue. Lehenengoak kalejirea eskainiko dau Santiago plazaren eta San Nikolas plazaren artean (Garagarrilaren 6an, arratsaldeko 19:30etan), eta Tearto Teatro taldeak 'Diva Di Palo' lana aurkeztuko dau garagarrilaren 7an, gaueko 21:30etan, Plaza Barrian.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!