Euskal arte plastikoen erakusketa ibiltariaren bildumea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2009-02-06 10:01   Kulturea

'Bosteko. Euskal Artistak 1998-2008' liburuaren aurkezpen-ekitaldian, Aldundiko Kultura Saileko arduradunagaz eta erakundeetako beste persona eta ordezkariakaz batera, Alicia Fernandez liburuaren egilea eta 'Bosteko' programako komisarioa egon dira, baita 1998tik 2008ra bitartean erakusketan euren artelanakaz parte hartu daben 44 egileetako asko be.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak 'Bosteko. Euskal Artistak 1998-2008' liburua aurkeztu dau. Euskal arte plastikoen erakusketa ibiltariaren bilduma da liburua.

Aurkezpen-ekitaldian, Aldundiko Kultura Saileko arduradunagaz eta erakundeetako beste persona eta ordezkariakaz batera, Alicia Fernandez liburuaren egilea eta 'Bosteko' programako komisarioa egon dira, baita 1998tik 2008ra bitartean erakusketan euren artelanakaz parte hartu daben 44 egileetako asko be.

Topaketa horretan Josune Ariztondok adierazo dau obra hau argitaratuta Aldundiak balio historiko-artistiko handia dauen bildumea jarri dauela herritarren eskura, eta 'lan hori urte honeetan Kultura Foru Sailaren ekimen honetan parte hartu daben personei eta udalerriei esker ona adierazoteko modu bat da'.

'Bosteko. Euskal Artistak' liburuak Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari Javier Viarren laguntzinoa izan dau eta Jasone Camara eta Gorka Mayor historialariek dokumentazino-lana egin dabe, 1998-2008 aldian artearen eta kulturearen arloan izandako jazoeren kronologia egin baitabe.

'Bosteko' programea 1998an sortu zan, Bizkaiko udalerrietako herritarrei ospe handiko euskal artisten lana ezagutzera emoteko. Urte honeetan, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Leioa eta Mungia herriek izan dabe aukerea euskal arte garaikidean garrantzitsuak diran sortzaileen lanak ezagutzeko.

Bostekoren lehenengo hamar urteen ganeko liburua ohiko merkataritza-zirkuituetan eskuratu ahal izango da, 25 euroan. Argitalpen honetan 1.000 ale kaleratu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu